Plaza publikoen gabeziak kolokan jarri du matrikulazio epea, Amara Berriko haur eskolan
Haur eskola bateko irudi bat.Europa Press Gaur, hilak 13, hasi da Haurreskolak partzuergoan izena emateko epea, baina Amara Berrin, auzoaren biztanle dentsitate altuaren eta eskaintza eskasaren arteko arrakalak kezka eragin du familien artean, erabiltzaile batek salatu duenez.
Datuak argiak dira: 2025ean jaiotako haurrentzat 18 plaza eskaini dira, eta 2026koentzat, berriz, zortzi. Eskaintza eskas horrek talka egiten du iazko datuekin; izan ere, joan den ikasturtean 80 matrikula inguru jaso ziren aurrez aurre, online egindako eskaerak kontuan hartu gabe. Horrek esan nahi du eskaria eskaintza baino lau aldiz handiagoa dela, gutxienez.
Proposamen bat
Plaza faltaz gain, azpiegitura arazoak ere mahai gainean daudela salatu dute; haur eskolak ez du kanpoko jolasleku propiorik, eta, gaur egun, Catalina Erauso ikastetxeko jolastokia erabiltzen dute. Egoera hori aspaldi daramate salatzen bai familiek, bai zentroko langileek.
Hala, guraso elkarteek eta kaltetuek irtenbide bat proposatu dute; Catalina Erauso ikastetxeak ateak itxiko ditu laster, eta ikasturte honetan jada ez du bi urtekoentzat gelarik eskaini: “Udalak aukera hau aprobetxatu beharko luke. Libre geratuko diren gela eta instalazioak haur eskola handitzeko erabili daitezke», adierazi dute.
Etorkizunerako inbertsioa
Familien ustez, plaza publikoen gabeziak itunpeko edo zentro pribatuetara jotzera behartzen ditu asko, horrek dakarren gainkarga ekonomikoarekin. Gauzak horrela, Amara Berriko haur eskolan plaza kopurua nabarmen handitzea eta epe luzerako plangintza bat egitea exijitzen dute, “oinarrizko zerbitzu hau gabe familiarik ez dela geratuko bermatzeko”.

