Gernika-Palestina ekimenak Donostiako kaleak hartzera deitu du, apirilaren 25ean
Gernika-Palestina herri ekimenak lanuztearen egunean egindako mobilizazioa, Parte Zaharrean.Joseba Parron Gernika-Palestina herri ekimenak agerraldia egin du astearte honetan, Ekialde Hurbileko egoera larria salatzeko eta euskal gizarteari mobilizatzeko deia luzatzeko. Hala, manifestazio handia antolatu du kolektiboak datorren apirilaren 25erako Donostian.
Ekimeneko kideek ohartarazi dute gatazka Libanora eta eskualde osora zabaldu dela, “inpunitate osoz”. AEBen jarrera bereziki kritikatu dute, Israeli emandako babesak Iranen aurkako erasoak eta mehatxuak erraztu dituela iritzita. Emandako zifren arabera, 2023ko urritik 72.000 gazatar baino gehiago erail ditu Israelek. Horri Zisjordaniako egoera gehitu behar zaio; Israelek bertan 34 kokaleku berri onartu izana nazioarteko zuzenbidearen “urraketa zuzentzat” jo dute.
Osasungintza, helburu
Gernika-Palestinak salatu du Libanon ere Gazako “eredu genozida” bera errepikatzen ari dela. Martxoaz geroztik, Israelek 160 eraso baino gehiago egin ditu anbulantzien eta osasun langileen aurka, eta gutxienez 57 profesional hil ditu.
Egoera horren aurrean, ekimenak neurri zehatzak eskatu dizkie erakunde publikoei eta herrialdeei: laguntza humanitarioa bermatzea, Israelekin eta haren laguntzaileekin (AEB kasu) harreman oro etetea eta Benjamin Netanyahu nazioarteko auzitegien aurrera eramatea.
Mobilizazioa
Mobilizazioa apirilaren 25ean izango da, Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenarekin bat eginez. Gernika-Palestinak gizarteko sektore guztiei egin die dei Donostian indarrak batzeko, “behingoz sarraski honekin amaitzeko konpromiso irmoak exijitzeko”.


