Oporretan Euskaraz udalekuetan izena emateko epea ireki dute
Oporretan Euskaraz udalekuetako artxiboko irudia.Donostiako Udala Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, urteroko legez, Oporretan Euskaraz udaleku irekiak antolatu ditu Donostian uda honetarako, eta gaur (hilak 15) ireki dute izena emateko epea. Uztailaren 6tik 30era izango dira udaleku horiek, eta izen ematea apirilaren 22ra arte egongo da zabalik. Donostiako haurrek “udaldian ere euskaraz ongi pasatzeko aukerak izatea” da helburua.
Internet bidez zein aurrez aurre eman daiteke izena. Modu telematikoari dagokionez, udalaren webgunearen bidez zein Euskara Zerbitzuarenaren bidez egin daiteke izen ematea. Modu presentzialari dagokionez, aldiz, Udalinforen bulegoetan (udaletxean, Morlansko biribilgunean edo Altzako Harrobieta plazan) edo Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Plaza Berria, 2, Parte Zaharra) egin daiteke.
Oporretan Euskaraz udalekuetan era guztietako jarduerak egingo dituzte: hondartzako jarduerak, parke eta lorategietako jolasak, euria ari duenean tailerrak, antzerkiak, lehiaketak eta abar. Ingurumena ere landuko dute eta Donostian bideratzen diren beste ekimen batzuetan ere parte hartuko dute. Hemen kontsultatu dezakezue informazio osagarria.


