Urumearen hamar geltoki emozionalak
Urumeako Atlas Emozionala aurkeztu dute, udaletxean.Nagore Garmendia Urumea ibaia ez da soilik Donostia zeharkatzen duen ur ibilgu bat; donostiarren nortasunaren, lanaren eta aisialdiaren bizkarrezurra ere bada. Hori berretsi du Cristina Enea Fundazioak bultzatutako Urumearen Atlas Emozionala proiektuak, ia hiru urteko lan kolektiboaren ondoren, liburu formatua hartu baitu: hamar koaderno tematiko biltzen dituen argitalpen bat aurkeztu dute, ibaiaren inguruko memoria historikoa eta emozionala betirako jasota geratu dadin.
Proiektuak hiru fase izan ditu, eta 2024aren amaieran abiatu zen lehena, hiriaren eta ibaiaren arteko harremanean sakontzeko asmoz. Prozesu horretan, elkarrizketa pertsonalak, talde saioak eta herritarrei irekitako galdetegiak erabili dituzte kontakizun kolektibo bat josteko. Maria Jose Noainek (testuak) eta Elena Odriozolak (ilustrazioak) eman diote forma amaierako lanari, Bitamine gelako Helga Massetanirekin batera, dinamizazio eta dokumentazio lan handia egin ostean.
Hamar geltoki emozional
Aipatu bezala, bildumak izenburu iradokitzaileak dituzten hamar liburuxka ditu, bakoitza gai zehatz bati lotua: Donostia: Fenix hegaztia, 1813ko setioan kokatutakoa; Bizitza ibaiertzeko baserrian, ibaiertzean kokatutako baserrien desagerpenari buruzkoa; Uretako lanak, latsariei eta gabarrariei buruzkoa, besteak beste; Fruta debekatua izatetik jainko edaria izatera, sagarra eta sagardogintza ardatz duena; Banderatxoak eta faroltxoak, auzo bizitza, erromeriak eta itsas bidaiak, beste batzuen artean; Bizkarrezurrak, hiria lotzen duten zubiei buruzkoa; Arraunkadaz, aisialdia eta kirola, arraun klub esanguratsuen presentziaz; Industria jarduera ibaiertzetan, fabriken memoria historikoaz —Tabakalera, esaterako—; Artez betetako ibilgua, Artelekuri eskainia, adibidez eta Itsasora iristea, Urumearen iritsiera itsasora, etorkizunaz eta naturaz hausnartzera gonbidatzen duena.
Iñigo Garcia Ingurumeneko zinegotziak nabarmendu duenez, proiektuak naturaguneekiko harremana ulertzeko “beste modu bat” islatzen du: “Ez gara biodibertsitateaz bakarrik ari, milaka pertsonaren eguneroko bizitzaren parte den emozio ondareaz baizik”.
Aurkezpenak eta erakusketa
Herritarrei proiektuaren berri emateko, saio berezi bat egingo dute maiatzaren 21ean, 19:00etan, San Telmo museoan. Gainera, bilduma eskuragarri egongo da, 25 euroren truke, Gladys Enean, San Telmon eta Bitamineren online dendan.
Hala ere, atlasa ez da liburuetan geratuko; irailaren amaieran, erakusketa bat inauguratuko dute Gladys Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroan. Erakusketa hori 2027ko martxora arte egongo da ikusgai, eta ibaiaren inguruko jarduera programa zabal batekin osatuko dute.


