Abian da VI. Gladys Saria
Abian den edizioan, 40 urte arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute; ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke.
IV. Gladys Saria aurkeztu dute.EHU Puntueus Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, VI. Gladys Saria abiatu dute. Sari honek ingurune digitalean lanean ari diren emakume gazte euskaldunak aitortu eta saritzea du helburu, gazteentzat erreferente berriak sortuz eta emakumeen talentua teknologiaren esparruan nabarmendu.
Gladys del Estal (1956 – 1979) informatikariaren izena daraman sari honek, haren oroimena omentzeaz gain, egungo gizarte digitalaren erronkei erantzuten dieten emakumeak jarri nahi ditu fokuan. Aurreko edizioetan Ane Iturzaeta, Olatz Perez de Viñaspre, Amaia Abanda, Lorea Argarate eta Usue Mori bezalako profesionalak saritu ostean, deialdi berri honek Euskal Herriko emakume teknologoen sare indartsua elikatzen jarraitu nahi du.
Gladys Saria 2021ean sortu zen, euskal ingurune digitalean erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Bost urteko ibilbidean, gero eta interes handiagoa piztu du, eta horren erakusgarri da urtez urte aurkeztutako hautagaitza kopuruak izandako hazkundea. Hasiera hasieratik, sariaren helburu nagusia emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea izan da.
“Oso harro gaude emaitzekin. Gero eta hautagaitza gehiago jasotzen ari gara eta oihartzuna ere gero eta handiagoa da; sarituei egiten dien ekarpenaz gain, gizartean duen eragin positiboa funtsezkoa da gure helburuak lortzeko”, adierazi du Puntueuseko Lorea Arakistainek.
Xehetasunak
Abian den edizioan, 40 urte arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute; ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke. Sari bakarra izango da eta epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa, egin duen ibilbide profesionala, eta emakumeak sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko gaitasuna.
Izen-ematea zabalik dago jada, eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkeztu daitezke ekainaren 1era arte. Irabazleak 4.000 euroko ordainsaria jasoko du.


