Donostia da 2026-2030 Enplegu eta Toki Garapeneko Plana aurkeztu duen EAEko lehen udalerria
2026-2030 Enplegu eta Toki Garapeneko Planaren aurkezpena, udaletxean.Donostiako Udala Donostiako Udalak, Sustapena sozietatearen bidez, Enplegu eta Toki Garapeneko Plana formalizatu du, 15/2023 Euskal Enplegu Legearen jarraibideei jarraituz, eta 15,4 milioi euro inguruko inbertsioa egin du. Gaur aurkeztu dute 2026-2030 Enplegu eta Toki Garapeneko Plana, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Jon Insausti alkateak, Ane Oiarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziak, Mikel Torres bigarren lehendakariordeak eta plana egiten lagundu duten eragile ekonomiko eta sozialen ordezkariak parte hartu dute agerraldian.
Plan honek 15/2023 Enpleguaren Euskal Legean ezarritako konpromisoari erantzuten dio; izan ere, Lege horren arabera, 10.000 biztanletik gorako toki erakunde guztiek Ekonomiaren Garapen eta Enplegu Plana zehaztu eta ezarri behar dute. Testuinguru horretan, Donostia Sustapena Euskadin bultzatutako hamaika proiektu pilotuetako baten buru izan da, hiriaren erronka estrategikoekin lerrokatuta eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailarekin koordinatuta.
Plana egiteko, hiriko ekosistema osatzen duten eragileen parte-hartze aktiboa egon da, eta aukera eman du prozesuan Donostiako enpleguaren erronkei buruzko begirada plurala eta partekatua txertatzeko. Hala, hiriaren eta bere ehun ekonomiko eta sozialaren benetako eta etorkizuneko beharrekin bat datorren Plan bat sortu da.
Enpresa, elkarte eta hezkuntza esparruko 20 eragilek baino gehiagok hartu dute parte, besteak beste, CEBANC, CEI, Nazaret, AEHG, Merkataritza Federazioa, Erroak Sartu, Gipuzkoako Hotelak, EMAUS, EDE Fundazioa, INKOR, Deustuko Unibertsitatea, GAIA, Gipuzkoako Ganbera, Zubiri Manteo BHI, Tecnun, ADEGI eta Tecnalia. Elkarrizketetan eta lan- saioetan parte hartu dute, eta hainbat gai jorratu dituzte, hala nola enpresa-lehiakortasuna, adinaren kudeaketa, zailtasun handienak dituzten kolektiboen enplegagarritasuna eta ezagutza-sektore intentsiboetan talentua erakartzea eta fidelizatzea.
Era berean, 30 donostiarrek parte hartu dute, eta horien lan-ibilbideei esker, enplegu- eta gizarteratze-politiketarako lehentasunezko lau kolektibo identifikatu dira: 45 urtetik gorako pertsonak, esperientzia profesional urria duten gazteak, langabezian dauden migratzaileak eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak.


