Giza eskubideen zinemaldia bueltan da, kontzientziak astintzeko eginiko jaialdia
Donostiak berriz ere zinemaren eta giza eskubideen aldeko hitzordua hartuko du apirilaren 23tik 30era, Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldiaren eskutik. Udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak antolatuta, jaialdiak nazioarteko zinema programazio zabala eskainiko du, gizarte gaien inguruko hausnarketa eta eztabaida sustatzeko helburuarekin.
Aurtengo edizioak gai anitz jorratuko ditu, besteak beste Palestinaren historia, migrazioak eta errefuxiatuen egoera, haurren osasuna, emakumeen rola erlijioetan, Afrikako haur soldaduak edota ehungintza industriako prekarizazioa. Zinemaldiko filmek eta solasaldiek “gaur egungo erronka sozial nagusiak azaleratuko dituzte, ikusleak kontzientziatzeko eta gogoeta pizteko asmoz”.
Zinemaldiari hasiera emango dio Palestine 36 (2025) filmak, Annemarie Jacir zuzendari sarituaren lanak, apirilaren 23an Viktoria Eugenia Antzokian, eta beren beregi txalotu dute antolatzaileek film hau, Gazako genozidioaren testuinguruan. Amaiera, berriz, Rebuilding (2025) film estatubatuarrak jarriko du, Max Walker-Silverman-en zuzendaritzapean, sari banaketa ekitaldiarekin batera. Itxieran, gainera, Imanol Uribek ibilbide osoaren aitortza jasoko du.
Programazioari dagokionez, guztira 35 herrialdetako 46 film eskainiko dira: 27 film luze eta 19 film labur. Horietatik 17 film luze Sail Ofizialean lehiatuko dira, askotariko gaiak landuz: Palestina garaikidearen ondorio historikoak, sistema patriarkalaren aurkako borrokak, migrazio politikak, indarkeria matxista edota klima justizia. Film laburren atalean, nazioarteko eta euskal sorkuntzek ere presentzia nabarmena izango dute.
Filmak
Josemi Beltran zinemaldiko zuzendariak ondoko filmak nabarmendu ditu, besteak beste: Bàrbara Mestanza eta Marc Pujolarren Sucia –Mestanzaren sexu erasoaren inguruko dokumentala–, Arash T. Riahi eta Verena Soltizen Girls & Gods –erlijio desberdinen pean, emakumeek jasaten duten zapalkuntzaren ingurukoa–, Max Walker-Silvermanen Rebuilding –AEBetako marjinatutako herritarren egoera–, eta 2019an publikoaren saria jaso zuen Felipe Bustos Serraren Everybody to Kenmure Stret, Erresuma Batuan deportazio baten aurrean antolatu zen auzo baten kronika.
Euskal ekoizpenei dagokionez, ondorengo film luzeak izango dira, aipaturiko Aldapa-z gain: Natxo Leuza nafarrak filmaturiko Black Water (2025) Bangladeshen kokatua, injustizia klimatukoari buruz, eta Lander Garro zinemagile eta idazleak idatziriko Lutxi eta zuhaitza-ren estreinaldia, Guardia Zibilak 1987an erail zuen ETAko kide Luzia Urigoitiaren kasuaren inguruko film dokumentala. Bestetik, Anuska Ariztimuño zuzendari donostiarrak 3 días,3 noches film laburra aurkeztuko du eta Maren Zubeldia donostiarrak, Silvaina Guglielmottirekin bateratera Ultramarino eskainiko du.
Jarduera gehigarriak
Proiekzioak batez ere Viktoria Eugenia Antzokian egingo dira, baina Antzoki Zaharra eta Tabakalera ere egoitza garrantzitsuak izango dira. Azken honetan Zinema eta Memoria zikloa egingo da, eta Antzoki Zaharrean Zinema eta Biktimologia zikloko emanaldiak eskainiko dira. Horrez gain, ikastetxeei zuzendutako goizeko saio bereziak ere antolatu dira, adinaren arabera egokitutako filmekin eta gida didaktikoekin lagunduta.
Zinemaldia ez da soilik zinema proiekzioetara mugatuko. Egunero solasaldiak egingo dira zinemagileekin eta adituekin, eta bestelako jarduerak ere izango dira, hala nola Asaari Bibangen bakarrizketa, erakusketak eta giza eskubideei buruzko online joko parte-hartzailea. Halaber, La era Trump y sus consecuencias izenburupean mahai ingurua antolatu dute apirilaren 22an.
Antolatzaileen arabera, zinemaldiaren helburu nagusia da “kalitatezko zinemaren bidez giza eskubideen aldeko kontzientzia piztea eta herritarren konpromiso aktiboa sustatzea”. Sarrerak apirilaren 17tik aurrera egongo dira eskuragarri, eta saio batzuk doakoak izango dira, publiko zabalari ekitaldian parte hartzeko aukera emanez. Egitarau osoa ikusi hemen.


