Loiolako Erriberako auzotarrek zuzkidura bizitokiei buruzko parte hartze prozesu bat eskatu diote Jaurlaritzari
Loiolako Erriberako 83 zuzkidura etxebizitzen simulazioa.Eusko Jaurlaritza Loiolako Erriberako bizilagun eta gazteek Denis Itxaso sailburuari eskatu diote auzoko ekipamendurako gordetako orubeak okupatzeko arrazoia argudia dezala. Hedabideetara bidalitako idatzian azaldu dutenez, Jaurlaritzak auzoko sarrerako biribilgunean eta Iesu eliza ondoan eraiki nahi dituen 83 eta 200 zuzkidura bizitokiak, auzotarren nahiaren kontra doaz eta sailburuarekin egindako bileran ez zien erantzun zehatzik eman “proiektuaren ereduari, kokapenari eta inpaktuari buruz egindako galderei”, ezta halako bizitokien gatazka maila altuari buruzkoei ere, proiektuak “oinarri sendorik ez” duen sentsazioa eraginez.
Diotenez, “auzokide batek ere” ez du zuzkidura bizitokien “gatazka giroa” nahi, ez “insolidarioak” direlako, baizik eta “zerbitzuz hornitutako auzo oso bat” nahi dutelako eta “ez Erriberako plangintzatik kanpoko eraikinez betea”. Idatzian diotenez, bileran parte hartu zuten bizilagunen kexen artean, adierazi zela beste auzo batzuetan baino babestutako etxebizitza gehiago izanda ere, “bizitoki sozialen proposamen gatazkatsuena” hartzeko eskatzen dietela, “kopuru erabat neurrigabean”. Baita “lehen lana aurkitu eta gure hirian etorkizuna eraiki nahi duten donostiarrak kanpo uzten” dituela ere. Izan ere, urtean, 3.000 euro irabaztea dute sarrera muga. Horrez gain, hiriko beste sustapen batzuetan bizi duten “kalbarioari” buruzko lekukotzat ere aurkeztu omen zituzten.
Gogoratu dutenez, Erriberako plangintzak ez du etxebizitza gehiago eraikitzea baimentzen, horregatik, zuzkidura bizitokiak “tranpa” direla uste dute, zerbitzuak har ditzaketen lursail bakarrak “kendu eta biztanle gehiagorekin betetzeko”.
Horrez gain, gaitzetsi dute hedabideen bidez proiektuaren berri eduki izana, ez aldez aurreko informazio ezta partaidetza prozesurik gabe. “Elkarbizitzarako arrisku handia eta zerbitzuen kolapsoa ezkutatzeko nahita egindako maniobra bat da”. Hori horrela, Itxasori eskatu diote entzun ditzala eta “premia elektoralistak” alde batera utzita, partaidetza prozesu “erreal eta lotesle bat” zehazteko. “Komunitatea sortuko duten zerbitzuak” nahi dituzte, eta zuzkidura bizitokiak hirian zehar modu orekatuan banatzea, “gettoak sortzea saihesteko”.


