OMEk gomendatutako nitrogeno dioxido mailak gainditzen dira hiriko ikastetxe guneetan
Ekologistak Martxan taldeko kideek atzo egindako aurkezpeneko irudi bat.Ekologistak Martxan Ekologistak Martxan taldeak Europako Clean Cities kanpainari lotuta, nitrogeno dioxido (NO2) maila neurtu du hainbat ikastetxe ingurutan. Donostian, zehazki, hogei neurketa gailu jarri zituzten azaroaren 5etik 26ra bitartean Ategorrietan, Amara Berrin eta Erdialdean datuak jasotzeko. Asteazken goizean bildutakoarekin osatutako txostena aurkeztu zuen udaletxean.
Ategorrietan, hainbat ikastetxe daude hiriko zirkulazio arterietako batetik hurbil. Ingurune horretan, hezkuntza-zentroetatik gertu zeuden lekuak hautatu zituzten baita Ategorrieta inguruan dagoen Eusko Jaurlaritzaren Neurketa Ofizialeko Estazioa ere. Amara Berrin, aldiz, hiru, Olaeta plazan, Amara Berri eskola publikoko Lehen Hezkuntzako ikastetxea dagoen lekuan, eta bi kaptadore hiriko erdigunean, Isuri Gutxiko Eremuaren (IGE) barruan, Amara Berri eskola publikoko Haur Hezkuntzako eraikina baitago.
Hiriko eskola inguruneetako airearen kalitateak gomendatutako NO2 mailak gainditzen ditu, alegia, OMEk gomendatutako metro kubikoko hamar mikrogramo NO2 ez gainditzea. Zurriola Ikastolako, Jesuiten eskolakoak eta Amara Berrikoak izan ezik, aztertutako ikastetxeen ingurune multzotik gertu dauden gainerako kaptadoreek, hamalauk guztira, Airearen Kalitateari buruzko Zuzentarauan ezarritako urteko hogei μg/m3 mugatik gorako datuak ematen dituzte. Hezkuntza guneetako batek ere ez du metro kubikoko berrogei mikrogramotik gorako daturik eman, alegia, egun indarrean dagoen legezko muga, nahiz eta batzuetan 38,5era iritsi den Nafarroa etorbidearen parean, eta 36,7ra The English School aurrean. Erdigunean hartutako datuek 30 mikrogramotik gorako balioak ditu, IGEn egon arren, Europako Zuzentarauak 2030erako ezarritako helburuetatik oso urrun, eta, bitxia bada ere, Grosen eta Amara Berrin, bietan IGEtik kanpo, lortutakoen gainetik.
Ekologistak Martxan taldeak hamar autonomia erkidegotako 66 hirigunetan dauden 412 hezkuntza inguru, osasun zentro eta espazio publikoetan nitrogeno dioxidoa (NO2) neurtu duen herritarren zientzia kanpaina baten emaitzak aurkeztu ditu. Donostiaz gain, Errenteria, Oiartzun, Bilbo Erandio, Barakaldo eta Gasteizen ere lortu dituzte datuak. NO2-a arnasbideak narritatzen dituen kutsatzailea da, eta, besteak beste, bronkitis akutua edo kronikoa eragiten du, denboraren eta esposizio mailaren arabera. Kutsadurak eskola-adineko gazteei eragiten die bereziki; izan ere, haien ezaugarri fisikoak eta garapena direla eta, helduek baino askoz gehiagotan hartzen dute arnasa egunean, eta, beraz, haien gorputzak, proportzioan, kutsatzaile gehiago jasotzen ditu, eta alergiak, haurren asma, bihotz eta arnasketa gaixotasunak eta nahasmendu neurokognitiboak eragin diezazkieke, bizitza osoan zehar.


