Xabier Anduaga tenoreak 'Werther' operan egingo du debuta, Bartzelonako Liceun
Xabier Anduaga tenore donostiarra. Xabier Anduaga tenore donostiarrak opera munduko erronka handienetako bati egingo dio aurre, maiatzean: Jules Masseneten Werther laneko protagonista izango da. Estreinaldia maiatzaren 2an izango da Bartzelonako Gran Teatre del Liceun, Christof Loy zuzendariaren produkziopean, eta guztira hamar saio eskainiko dituzte, maiatzaren 17ra arte.
Anduagak aitortu du “erantzukizun handia” dela “historiako tenore handienek” defendatu duten rol bati heltzea, eta esan du ilusio handia egiten diola “etxea bezala” sentitzen duen antzoki batean debutatzeak.
Nazioarteko lantaldea
Produkzio horrek, Henrik Nanasi zuzendari hungariarra izango du orkestra buruan, eta, Anduagarekin batera, Kristina Stanek mezzosoprano alemaniarrak ere debuta egingo du, Charlotteren paperean. Loyren proposamenak 1950eko hamarkadan kokatzen du istorioa, eta pertsonaien alderdi psikologikoan sakontzen du, eszenografia soil eta intimista baten bidez.
Sarrerak dagoeneko salgai daude antzokiko webgunean.


