Altzako Euskal Jaiak: plaza herriari itzultzeko
Bihar, larunbata, Altzako lehenengo Euskal Jaia antolatuko dute altzatarrek. Sagardo Egunak eta kirol probek bat eginik, egun osoko egitaraua prestatu dute Bizarrain euskara elkarteak eta jai batzordeak. Dena ez da, eta, futbola izango.
Izko Lekuona, Bizarrain elkartea, eta Lander Sanchez, Altzako jai batzordea. Xalba Ramirez Pandemiaren ondorengo geldialdiaren ostean, Altzako jai giroa berpizten ari da. Urte batzuetan «nahiko makal» ibili ondoren, auzoko eragileek berriz hartu dute bultzada, eta aurten, lehen aldiz modu bateratuan, Euskal Jaia antolatzea erabaki dute. Bizarrain euskara elkartea, Altzako Jai Batzordea eta hainbat gazte elkarlanean ari dira, auzoaren kohesioa eta euskararen presentzia indartzeko helburuarekin.
«Pandemia ondoren nahiko makal joan dira jaiak, apur bat isolatuta antolatzen ziren gauzak», azaldu du Lander Sanchez jai batzordeko kideak. «Bizarrainek eta Altzako Jai Batzordeak bakoitzak bere bidea egin arren, batzuetan, elkarrekin egiten dugu, geure interesek bat egiten dutelako», dio Bizarraineko Izko Lekuonak. Elkarlan horren fruitu nagusia Sagardo Eguna izan da, eta hortik abiatu da aurtengo Euskal Jaia.
«Sagardo eguna ez da garagardo egun bat bezala; Altzak, historikoki, sagardoarekin lotura handia izan duelako», nabarmendu du Lekuonak. Tradizio horri helduta, jarduera gehiago gehitzen joan dira: pilota, dantza, artisau azoka eta erakusketak, besteak beste. Sanchezek gogoratu duenez, gazteen ekimenetik ere sortu da indarra: «Giza probarekin hasi ginen. Jarduera asko ari ginen batzen, eta pentsatu genuen: zergatik ez Euskal Jai batean bildu dena?». Azkenean, «piszinara salto» egin, eta aurten ospatuko dute lehen edizio bateratua.
Euskara eta kohesioa ardatz
Euskal Jaiaren helburu nagusietako bat euskararen presentzia indartzea da, baina, betiere, ikuspegi inklusibo batetik. «Helburua bada euskara sustatzea. Baina jai batek biltzen du bai euskara dakiena eta baita ez dakiena ere», azaldu du Lekuonak.
Sanchezek ere antzera dio: «Jai batzordearen helburua da kohesioa sustatzea. Jarduera desberdinak edukitzea, denentzat. Beren burua identifikatzea altzatar moduan».
Altza auzo anitza da, etorri berri ugari dituena. Horrek erronkak eta aukerak dakartza: «Altzak etorri berriak diren herritar ugari jasotzen ditu. Euskal kulturarekin harremanik ez duten pertsona asko daude, eta trikitia edo txalaparta ikustea ez da ohikoa haientzat», azaldu du. Horregatik, jaiak gonbidapen modura ulertzen dituzte: «Altzan jaio direnei eta jaio ez direnei, goazen euskaraz eta euskal kulturaz gozatzera».
Tradiziotik etorkizunera
Aurtengo egitaraua oparoa izango da: sagardo dastaketak, bolo txapelketa, pilota partidak, dantzak, kantujira eta artisau azoka. Sagardoaren inguruko erakusketa ere prestatu dute, Altzako Historia Mintegiaren laguntzarekin. «Altzatar askok ez dakiten historia da», dio Lekuonak, Gartziategi dolare zaharra gogoratuz.
Hori Martutene dela esango dute gehienek. Bada, hain zuzen, Martutene, lehen, Altzaren parte zela nabarmendu dute. «Erakusketa polita geratu da. 11:00etan jarriko da erakusketa, eta egun osoan zehar egongo da ikusgai», gogoratu du Lekuonak: «Erakusketan kizki batzuk egongo dira, sagarrak nola biltzen diren ikusteko; Txalaparta bat, ttakuna eta herrena nola egiten den jakiteko…».
Giza probaren indarra
Euskal Jaiaren sorreran gazteen inplikazioa funtsezkoa izan da, bereziki giza probari esker. «Intxaurrondo Zaharreko jaietan hasi zen zizarea. Gure kuadrillak jokatu zuen lehen aldiz, gero Herreran, eta azkenean Altzara ekartzea erabaki genuen. Eñaut Elizalde zenak esan zuen: ‘Hemen, plaza edukita, ez al dugu egingo?’. Eta hortxe abiatu genuen», gogoratu du Landerrek. «Kristoren booma izan zen: sei talde atera genituen, gure harri, egitura eta arnes propioekin. Jendea animatu egin zen», dio. Esperientzia horrek erakutsi zien auzoan bazegoela interesa eta gogoa.
Aurten, hala ere, formatu apalagoa izango du: «Bi talde egongo gara, eta mistoak izango dira. Beraz, erakustaldi bat izango da, baina interaktiboa: jendeak probatzeko aukera izango du». Helburua, ordea, epe luzera begirakoa da: «Poliki-poliki goaz. Gauzak ez dira egun batetik bestera eraikitzen. Festetan handiagoa izango da», ziurtatu du Sanchezek. Giza probak, gainera, badu balio sinboliko bat: «Urte askotan baserritarren kontu modura ikusi izan da. Guk plaza herriari bueltatu nahi diogu, gazteriari ireki», azpimarratu du Sanchezek. Lekuonak ere gaineratu duenez, «giza probak ez du animaliarik, eta herri kirolari beste ikuspegi bat ematen dio».
Hain zuzen ere, aurten hil da Elizalde, giza probaren sustatzailea. Elizalde higiezin enpresakoen semea zen, «auzoan oso integratuta dagoen enpresa da: Larratxoko futbol txapelketan, giza proban, frontoian…», nabarmendu du Lekuonak. «Bere aita zenak abiatu zuen eredua. Gabonetako torneoak laguntzen zituen, eta duela bi urte hil zen ere. Eñautek bere bidea jarraitu zuen, eta auzoko kirol jarduerak laguntzen aritzen zen jo eta su». Aurtengo giza proba, beraz, are bereziagoa izango da, urtarrilean zendu baitzen Eñaut, 28 urterekin.
Etorkizunerako oinarriak
Aurtengo Euskal Jaiak ez du ekitaldi isolatua izan nahi, baizik eta etorkizuneko proiektu baten lehen harria. «Ez dago jai bat auzo guztia bere egiten duena. Sanmartzialak dira, akaso, erreferentzia nagusia», azaldu du Lekuonak, ekainaren 30eko ospakizuna gogoratuz.
Egitaraua askotarikoa izango da: sagardo dastaketa, bolo txapelketa —auzoan, historikoki, sagardotegiekin lotuta egon dena—, pilota partidak, dantzak, kantujira, artisau azoka eta Xabi Solanoren kontzertua. Gainera, Realaren Kopako finala dela eta, pantaila erraldoia jarriko dute gauean, giroa borobiltzeko.
Antolakuntzan, gero eta jende gehiago ari da batzen. «Ez diegu lan bat eman nahi; denok batera egiten badugu, hobeto egongo da. Bakoitzak bere erara parte hartzeko aukera du», dio Sanchezek. Lekuonak ere aldaketa nabarmendu du: «Zubiak egiten ari gara, jende berria sartzen, eta elkarrekin sortzen». Etorkizunerako bidea da Euskal Jaia. •
