Donostiako gazteek euskararen aldeko konpromisoa berretsi dute udaletxean
Udaletxean batu dira hiriko zenbait gazte, Euskara Topaketan.Donostiako Udala Donostiako gazteek euskara indartzeko duten gogoa eta gaitasuna agerian geratu dira gaur goizean. Hiriko bederatzi ikastetxetako 14-17 urteko gazteak udaletxeko Udalbatza Aretoan bildu dira, ikasturtean zehar euskara sustatzeko eta erabileraren inguruko sentiberatasuna lantzeko egindako ibilbideari amaiera borobila emateko.
Gaurko saioan, ikasleek euren eskoletako euskara batzordeek burututako proiektuak partekatu dituzte. Aurten, gainera, Korrika urtea izanik, ekintza gehienak aisialdiari, gozamenari eta euskararen lasterketa erraldoiari lotuta egon dira.
Ikastetxeen sarea lanean
Guztira, bederatzi ikastetxek hartu dute parte ikasturte honetako egitasmoan: Altza BHI, Antigua-Luberri BHI, Arantzazuko Ama BHI, Ekintza, La Asuncion, Lauaizeta BHI, San Luis-La Salle, Usandizaga BHI eta Zurriola Ikastola.
Eskola esparruan hizkuntzaren erabilera aktibatzeko xedearekin, gazte hauek hainbat ekintza antolatu dituzte ikaskideak euskarara erakartzeko, betiere giro ludiko batetik abiatuta.
Erreferenteekin solasean
Gaurko jardunaldia, ordea, ez da soilik egindakoaren balantzea izan. Gazteek eurentzat erreferente diren hainbat euskal sortzaile eta profesionalekin hitz egiteko aukera izan dute taldeka antolatutako mahai inguruetan. Bertan izan dira, hala, Olatz Salvador eta Makala musikariak, Maddi Ane Txoperena bertsolari eta idazlea, Ainhoa Etxeberria aktorea eta Anepe dantzaria.
Solasaldi horietan, euskarak sorkuntzan eta egunerokoan duen garrantziaz aritu dira, gazteen eta erreferenteen arteko zubiak eraikiz.
