Ibon Martin izango da aurtengo Liburuaren Eguneko azokako idazle gonbidatua
Ibon Martin idazlea. (Argazkia: Joseba Parron) Liburuaren Nazioarteko Eguna da datorren osteguna, hilak 23, eta, ohiko moduan, Donostia Kulturak eta Liburu denden elkarteak lankidetzan antolatutako azoka egongo dute Gipuzkoa plazan. Azoka 09:30etik 20:00etara bitartean egongo da zabalik, eta liburu denden hamabi salmenta postu egongo dira. Haietan, liburuak %10eko beherapenarekin salgai egongo dira, eta erosleei txartelak banatuko dizkiete, horiekin, opari liburuak, %5eko deskontu txartelak lor daitezke.
Salmahaiez gain, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat izango du. Bertan, informazioa emango dute liburutegien zerbitzuei eta eguneko programari buruz. Bertaratzen direnentzat Joseba Larratxe ilustratzaileak diseinatutako orri-markatzaileak egongo dira eskuragarri, eta karpan, haurrei eta helduei bideratutako jarduerak aurrera eramango dituzte, egunean zehar.
Aurten, Ibon Martin donostiarra izango da idazle gonbidatua eta irakurleek bera entzuteko eta bere liburuetan sinadura jasotzeko aukera izango dute. Martinek arrakasta lortu du bere ibilbidean batez ere eleberri beltz eta thriller giroko lanekin, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute bere obra. Olga Grandek elkarrizketatuko du Martin, 19:00etan, eta aurretik, idazle gonbidatuak irakurleen liburuak sinatuko ditu Casa del Libro liburu dendako postuan.
Horrez gain, besteak beste, irakurketaren plazera partekatzeko, topaketa irekia egingo dute, 12:00etan. Topaketa irekia izango da, entzuteko, deskubritzeko eta liburuei buruz solasean aritzeko. Bertaratzen direnek irakurketa laburrak entzuteko aukera izango dute, proposamen berriak ezagutzeko eta, nahi izanez gero, modu aktiboan parte hartzekoa, gustuko dituzten liburuen inguruan hitz eginez edo pasarte txiki bat irakurriz.
2025. urtean Donostiako liburutegi sareko mailegu zerbitzuan liburu gehien hartu zituzten hamar haurrei emango zaie saria. Ume bakoitzari diploma eta 30 euroko txartel bana emango zaio, Donostiako liburu dendetan liburuak erosteko.
Ibilbide literarioak Ramon Saizarboria donostiarraren literatura izango du oinarri. Hala, Itxaro Borda idazleak Donostian barrena diseinatu du, eta bidean, zenbait eleberri aipatuko ditu, horien artean, Egunero hasten delako (1969) Ehun metro (1976), Hamaika pauso (1995), Martutene (2012) eta Lili eta biok (2015). Taldea 10:30ean aterako da azokatik, eta parte hartzeko eskaera egin behar da alderdiederliburutegia@donostia.eus posta elektronikora idatziz
Helduentzako jarduerak
- 10:30tik 12:00etara, Saizarbitoriaren literatura Donostian zehar ibilaldi literarioa Itxaro Bordarekin.
- 12:00etatik 12:45era, Irakurle topaketa, Ylenia Benitorekin, elebitan.
- 16:30etik 17:15era, Ingeborg Bachmann idazlearen Aldibereko liburuaren irakurraldia eta edukiari buruzko xehetasunak emango ditu Idoia Santamaria itzultzaileak.
- 19:00etatik 19:40era, Olga Grandek Ibon Martin elkarrizketatuko du, gazteleraz.
Haurrentzako jarduerak
- 10:00etan, Zakutodun gizona ipuinaren kontaketan online, Donostia Kulturaren Youtube kanalean.
- 10:00etan, Mestiza Elkarteko Monica Grandek Jostailuak liburuaren irakurriko du, online, Donostia Kulturaren Youtube kanalean.
- 11:00etatik 11:45era, Liburu Baby Kluna, Mestiza Elkartearen ipuin kontaketa, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, 0-3 urte arteko haurrentzat.
- 17:30etik 18:00etara, Itziar Saenz de Ojer eta Joxan Arrue Saizarren Kontu konta kantaldia, ipuin kontaketa musikatua, euskaraz, 4 urtetik gorakoentzat.
- 18:00etatik 18:30era, Irakurle onenei sari banaketa, Gipu igelaren eskutik.
