«Irabazi egingo dugu, gol bateko aldearekin»
1987ko Espainiako Kopa irabazi zuen zazpi donostiarretako bat izan zen Agustin Gajate (Aiete, 1958). Atletico Madrili irabazitako finala osorik jokatu zuen. Ordukoa ondo gogoratzen du, eta biharkoa ere irabazteko gogotsu dago, baina zale gisara.
Agustin Gajate, Realeko jokalari ohia.Inaxio Esnaola Aranzadi 1987ko kopako finala gogoan duzu?
Partida jokatu aurreko momentuak izan ziren txarrenak. Batez ere, aurreko hiru egunak. Urduritasuna areagotu zitzaigun finalaren atarian. Inguruko jende askok galdetzen edo aipatzen zigun neurketa, eta ez genuen modurik izan lasaitasunez iristeko. Gerora, Zaragozan sekulako beroa eta hezetasuna egiten zuen. Eltxo asko zeuden, eta ez zen batere erosoa izan guztiontzat. Entrenamenduetan korrika genbiltzala irensten genituen [barrez].
Testuinguruaz gain, partidaren zein oroitzapen dituzu?
Lehenik eta behin, finala jokatu genuen egun berean, ordu batzuk lehenago, Espainiaren 21 edo 18 urtez azpiko selekzioa Jugoslaviaren aurka aritu zen. La Romareda futbol zelaira pare bat ordu lehenago iritsi ginen, eta une horretan ari ziren jokatzen. Ondoren izan zen finala, eta gogoan dut futbol zelaia nahiko ondo zegoela.
Final lehiatua eta luzea izan zen. Kostatu zitzaizuen kopa hura irabaztea, ezta?
Oroitzapen oso ona daukat. Uste dut sekulako partida egin genuela. Lehen zati oso ona jokatu genuen, eta Atletico Madrilek ez zuen apartekorik egin, nahiz eta gol bat sartu. Abantailarekin iritsi ginen atsedenaldira, eta bigarren zatian haiek hobeto aritu ziren. Baloiaren kontrola hartu zuten eta aukera gehiago sortu zituzten. Dena dela, zentzu guztietan berdinduta iritsi ginen partida bukaerara.
Luzapena oso gogorra izan zen, fisikoki nekatuak geundelako. Penaltietara iristeko presioa sentitzen genuen, eta ez ginen eroso aritu minutu horietan. Dena dela, penaltietan abantaila txiki edo handi bat genuen: Arkonada. Penaltiak gelditzen zituen atezaina zen, eta hori gure aldekoa zen.
Orduan, penaltietara iristea zen zuen asmoa?
Inolaz ere. Fisikoki, ordea, mugan ibili ginen luzapenean, eta titulua penaltietan erabakiko zela argi ikusi genuen.
Zeintzuk izan ziren finaleko jokalari erabakigarrienak?
Nire ustez, taldea bere osotasunean. Garai hartan, Larrañagarekin libre moduan jokatzen ari ginen, erdiko hiru atzelarirekin, eta bera tartean. Bosteko lerroa ezkerreko eta eskuineko albokoekin osatzen genuen. Finalerako, ordea, Toschack entrenatzaileak aldaketa bat egitea erabaki zuen. Larrañaga erdiko erdilari moduan kokatu zuen, eta haren lekua defentsan Dadiek hartu zuen. Titular gisa ez zuen apenas jokatu, baina final hartan den-dena. Toschackek ideia onak zituen, eta zera esan zigun: «Ondo aterako da, ikusiko duzue». Eta horrela izan zen.
Dena dela, Bakero, Txiki Begiristain, Lopez Ufarte eta Arkonada nabarmendu zituzten garaiko kronikek.
Erdiko aurrelaririk gabe jokatu genuen, baina hirukote apartarekin. Lopez Ufartek eta Txiki Begiristainek egin zituzten golak, eta Bakerorenak izan ziren bi asistentziak. Noski, Arkonadak egindako geldiketagatik altxa genuen kopa, baina jokalari guztien ekarpena garrantzitsua izan zen. Garai hartan, sekulako taldea genuen, erasoan eta defentsan, bat eginda zegoena eta maila oso oneko futbola jokatzen zuena. Realaren urrezko aroa izan zela iruditzen zait.
Anekdota edo datu estatistiko gisa, finala kopako zure 50. partida izan zen.
Egia esan, ez nekien, baina horrela izango da. Ez naiz estatistikekin tematzen den horietakoa, eta nire kirol ibilbidean egindako zenbakiei ez diet sekula erreparatu. Hori bai, beste anekdota hobeago bat daukat. Penaltietara iritsi ginenean, bosgarrena nik jaurti behar nuen. Ordea, Arkonadak Atletico Madrilen laugarrena gelditu zuenez, ez nuen jaurti behar izan. Asko eskertu nion [barrez].
Urte askoren ondoren irabazi zuen kopa Realak: neskek 2019an eta mutilek 2021ean. Gogoan dituzu bi finalak?
Neskena ez horrenbeste, ikusi nuen arren. Pozgarria izan zen. Mutilena, berriz, zertxobait gehiago, baina gutxi ere. Pandemia betean, egoera ez zen ona eta horrek ere ez zigun final hartaz gozatzen utzi. Badakit Mikel Oiartzabalek penaltiz egindako golari esker irabazi zela, hura izan zelako irudi bakarra. Futbola den arren, ezin da zalerik gabekoa izan.
Bost urte pasatu dira 2021ko kopa hartatik, eta 39 urte luze 1987ko kopa irabazi zenutenetik. Egia esan, bihar jokatuko denarekin antzekotasunak ditu zuenak. Athletic kanporatu zenuten finalerdietan, eta Atletico Madrili irabazi zenioten kopa. Kasualitatea ala iragarpena?
Ez dut halako gauzetan sinesten. Ordea, egia da lehiaketan egindako ibilbidea nahiko antzekoa dela. Batez ere, emaitza eta aurkariak ikusita. Jokalariek ordukoa errepikatu daitekeela barneratzen badute, baliteke horren bila ateratzea berdegunera. 1987ko finalean Atletico Madril zen faborito argia, eta aurten ere badela esango nuke. Dena dela, ezin esan orain horren argia denik.
Gaur egungo taldeari dagokionez, zeintzuk dira jokalari garrantzitsuenak?
Asko dira, baina duten kalitatea berreskuratu eta eskaintzen ari direnak iruditzen zaizkit. Esaterako, Gonçalo Guedes eta Carlos Soler, haien kirol ibilbidean gainbehera bat izan ondoren, Donostian haien bertsiorik onena ematen ari direlako. Gainera, Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak apalduta zeuden jokalari batzuk suspertu ditu. Nolanahi ere, jokalari eta ikur garrantzitsuena Mikel Oiartzabal kapitaina da, erabakigarria zelaian eta aldagelan.
«Ez noa Sevillara. Etxean ikusiko dut finala, gordeta dudan ardo botila batekin»
Eta zeintzuk dira finala jokatu beharko luketenak?
Hori entrenatzaileak erabaki behar du, onenak jarriko dituelako. Atezainarekin zalantzak daude, baina nik Unai Marreroren alde egingo nuke, kopako atezaina bera delako. Defentsan, berriz, erdiko atzelari izan nintzenez, finalean nahiko nituzkeen biak aipatuko ditut: Jon Martin eta Igor Zubeldia.
Sevillara joango zara?
Ez noa Sevillara. Gonbidapen bat nuen, baina baztertzea erabaki dut, beste arrazoi batzuengatik. Etxean ikusiko dut finala, gordeta dudan ardo botila batekin.
Bukatzeko, ausartzen zara biharko emaitza iragartzera?
Bai, noski. Irabazi egingo dugu, gol bateko aldearekin. Beraz, berdin zait 0-1, 1-2 edo 4-5 izaten bada emaitza. Tira, bat aukeratu beharko banu; 1-2. Nahi ez dudana da penaltietan erabakitzea titulua, zoriak erabaki ohi duelako.



