Jose Giovanniri eskainiko dio Zinemaldiak aurtengo Klasikoak atzerabegirakoa
Donostiako Zinemaldiak ezagutarazi du aurtengo Klasikoak programako atzerabegirakoa Jose Giovanni zinemagile eta nobelagile frantsesari eskainiko diola. Nobelagile, egokitzaile eta gidoilari izateaz gain, hamabost film luze, telebistarako bi pelikula eta hiru telesail atal zuzendu zituen.
Joseph Antoine Roger Damiani ‘Jose Giovanni’ (1923-2004), Parisen jaio zen jatorri korsikarra zuen familia aberats batean. Bereak dira polizia eleberriko orrialderik bikainetako batzuk, baita Frantziako polar polizia zinemako orrialde asko ere. Bizitza korapilatsu eta zaila izan zuen, ilungunez betea. Handik atera zituen bere eleberrien argumentuetarako elementu ugari.
Nobelagile, egokitzaile eta gidoilari izan zen lehenik, ondoren, zuzendari moduan bere proiektuen erantzukizun osoa hartu zuenean, Frantziako polizia generoari begirada eta estetika bereziak eman zizkion. Hamabost pelikula zuzendu zituen eta eta gidoilari edo egokitzaile moduan lan egin zuen Jacques Becker, Jean-Pierre Melville, Jacques Deray, Claude Sautet, Henri Verneuil eta Robert Enricorekin, 1960ko hamarkadako lehen erdian. Polizia generoak Frantziako zineman indar handia hartu zuen garai hartan, Giovanniren izena kredituetan agertzen bazen, interesa eta arrakasta ziurtatuta zeuden.
Zuzendu zituen lanen artean bereziki aipagarriak dira: Le Rapace / Birds of Prey (1968), Dernier domicile connu / Last Known Address (1970) –biak Venturarekin–, Un aller simple / One Way Ticket (1971), La Scoumoune / Hit Man (1972), Deux hommes dans la ville / Two Men in Town (1973), Le Gitan / The Gypsy (1975) eta Une robe noire pour un tueur (1981). Bere azken bi pelikuletan, Mon ami le traître / My Friend the Traitor (1988) eta Mon père, il m’a sauvé la vie / My Father Saved My Life (2001), bere bizitzaren alderdi erabakigarriei buruzko hausnarketa egin zuen fikzioaren eremutik.
Zikloa Euskadiko Filmategiak, Espainiako Zinematekaren lankidetzarekin antolatuko duen zikloaren barruan, Giovanniren lan osoari buruz Felipe Cabrerizok idatzitako liburu bat argitaratuko dute.
