Altzako Euskal Jaiak: harria, plaza eta kohesioa
Altzako giza proba erakustaldia, I.go euskal jaiean.Asier Gonzalez de San Pedro Altzako lehen Euskal Jaia giro onean eta parte hartze handiarekin ospatu da gaur. Auzoko eragileek —Bizarrain euskara elkarteak, Altzako Jai Batzordeak eta gazte taldeek— elkarlanean antolatutako egitasmoak espero baino harrera hobea izan du, eta antolatzaileek nabarmendu dute “aspalditik faltan sumatzen zen batasun giroa” berreskuratu dela.
Egun osoan zehar, askotariko jarduerek bete dute auzoko plaza: sagardo dastaketek, pilota partidek, dantzek, kantujirak eta artisau azokak jende ugari erakarri dute. Bereziki nabarmentzeko izan da garagardoaren inguruko erakusketa, Altzako Historia Mintegiaren laguntzarekin prestatua, non auzoko iraganari lotutako hainbat elementu eta bitxikeria ezagutarazi diren. Halaber, giza probak ikusmin handia piztu du, eta formatu irekian antolatuta, herritar askok parte hartzeko aukera izan dute.
Jaiak euskararen eta auzo kohesioaren aldeko apustu argia egin du, baina ikuspegi inklusibo batetik. Euskara ez dakiten herritarrak ere gerturatu dira, eta askok lehen aldiz ezagutu dituzte euskal kulturako hainbat adierazpen. Antolatzaileek azpimarratu dute helburua bete dela: altzatarren arteko harremanak sendotzea eta auzo anitzean topagune bat sortzea.
Bestalde, aurtengo edizioak izaera berezia izan du, Eñaut Elizalde gaztearen oroitzapena presente egon baita, giza probaren sustatzaileetako bat izan zena urtarrilean zendu baitzen. Haren omenezko pankarta jarri dute, eta hunkigarria izan den arren, giro alaian egin dute haren lagunek giza proba. Antolatzaileek argi dute hau ez dela ekitaldi isolatua izango, eta etorkizunean Euskal Jaia sendotzen jarraitzeko asmoa berretsi dute, auzo osoarentzat erreferentziazko ospakizun bihurtu arte.
