Osasungintza publikoaren aldeko aldarria egin dute ehunka lagunek
DOPAren manifestazioa, osasungintza publikoaren alde.Joseba Parron Metafora izan zitekeena errealitate izan da gaur: futbolaren zaratak osasungintza publikoaren aldeko aldarria isilarazi nahi izan du. Hala saiatu da, behintzat, Alderdi Ederren alturan, DOPAk antolaturiko manifestazioan, Realaren fanzonearen bozgorailuetako bolumena, segundo batez ere isildu ez dela eta. Baina ez dute lortu: ehunka lagun batu dira gaur osasungintza publikoa defendatu behar dela aldarrikatzeko.
EAEko hiru hiriburutan antolatu dituzte manifestazio jendetsuak, eta, Donostiakora, Gipuzkoa osotik etorritako taldeen pankartekin osatuta egon da. Aldarrikapena argia da: azken urteetan Osakidetzak egin duen beherakadari, murrizketei eta pribatizazioari “Nahikoa da” esan, eta beste eredu bat martxan jartzea. Antolatzaileen hitzetan, egoera ez da batere samurra: “Osasun publikoa arriskuan dago”, oihukatu dute.
Jaurlaritzaren “propaganda” eta “promesak” kritikatu dituzte, eta “inolako soluziorik ez” dutela eskaini kritikatu dute. Are gehiago, sindikatu eta alderdiekin “osasun mahaia” zelakoak porrot egin ostean. Gainera, Arartekoak sentsazioa baieztatzen duela salatu dute: Arartekoak jasotzen dituen hamar salaketatik bat, osasungintzaren ingurukoa da jada.
Antolatzaileen ustez, “nahita” ari da okertzen osasungintza publikoa “pribatuaren mesedetan” eta, horren ondorioz, murrizketa etengabeak, txandak ez betetzea, lehen arretan astebete itxaron behar izatea eta urgentziak kolapsatuta egotea dira bistako kalteak. Baina ez horiek bakarrik: osasun langileen lan baldintza kaskarrak, kudeaketa autoritarioa eta gardentasun falta ere salatu dituzte, Osakidetzaren ereduaren porrot gisa.
Horregatik, DOPAk eta manifestazioa babestu duten 97 eragileek ozen aldarrikatu dute egoerari buelta bat emateko ordua dela: denontzako eta kalitatezko osasun publikoa defendatu beharra dagoela.



