EAGen «egoera larria» salatuko du DOPAk bihar Donostia Ospitalean
DOPAren manifestazioa, osasungintza publikoaren alde.Joseba Parron Donostialdea Osasun Publikoaren Aldeko plataformak (DOPA) elkarretaratzea egingo du bihar, hilak 21, Donostialdeako Etengabeko Arretako Guneek (EAG) bizi duten egoera jasanezina gizarteratzeko. Deialdia goizeko 11:30ean izango da, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko sarrera nagusiaren aurrean.
Plataformak gogorarazi du gune hauek “aspalditik” ari direla degradazio prozesu baten ondorioak jasaten, batez ere medikuen gabezia etengabeak eraginda. DOPAren ustez, osasun arloko langileen falta horrek arriskuan jartzen du lehen mailako arretaren kalitatea eta herritarrek jaso beharreko zerbitzua.
Bilera eskaera, zuzendaritzari
Elkarretaratzearen ostean, plataformako kideek urrats bat gehiago emango dute: Donostialdea ESIko gerentearekin premiazko bilera bat izateko eskaera formala aurkeztuko dute, neurri zehatzak eskatzeko. Era berean, DOPAk dei egin die herritarrei eta osasun arloko langileei, mobilizazioan parte har dezaten.
