Kopa irabazleei harrera egingo diete arratsaldean
Autobusa Anoetatik irtengo da 18:00etan eta kalez kale ibili ondoren udaletxera helduko da 19:00ak aldera.
Alderdi Eder berriz ere jendez betetzea espero dute. Aratz Garcia Donostia prest dago gaur, hilak 20, kopa irabazleei harrera egiteko. Txapeldunak eramango dituen autobusa Anoetatik abiatuko da 18:00etan, eta udaletxera ordubete geroago iristea aurreikusten dute. Bidea Madril hiribidea, Pio XII, Antso Jakituna, Mendeurrenaren plaza, Urbieta kalea, Askatasunaren hiribidea, Okendo kalea eta Bulebarrean barrena egingo du.
Udalak 100.000 lagun baino gehiago espero ditu, bai taldeak autobusez egingo duen ibilbidean zehar, bai ondoren udaletxean egingo duten harreran. Alderdi Ederren jarritako hiru pantaila erraldoietan jarraiatu ahal izango da ekitaldia. Zaletu txuri-urdinek ospakizunaz segurtasunez goza dezaten, udalak zenbait jarraibide eman ditu. Hala, ezinbestekoa izango da ibilbide osoan zehar jarritako hesien atzean egotea, segizioaren bidean sartu gabe; ezingo da material piroteknikorik erabili —petardoak, bengalak…— eta antolakuntzako langileek esandakoari kasu egin beharko zaio..
Alderdi Ederren, berriz, mugatutako eremura ezingo da beirazko ontzirik sartu eta galdutako adingabeak jasotzeko bi elkargune ezarri dituzte: puntu berdea, Bulebarra eta Hernani kaleen arteko bidegurutzean, eta puntu gorria, Alderdi Ederren bertan, Cervantes plazarantz. Egunean zehar, identifikazio eskumuturrekoak banatuko dituzte, adingabeen arduradunekin harremanetan jartzea errazteko.
Ibilbidearen hesitzea, 10:00etatik 15:00etara bitartean aurrera eramango dute aipatu kaleetan, eta ondorioz, aldizkako mozketek trafiko pribatuari eragin diezaiokete, baina garraio publikoaren eta baimendutako ibilgailuena une oro bermatuko dute. 15:00etatik aurrera eta autobusa udaletxera iritsi arte, ordea, erabat itxiko dira kale horiek eta haien ondokoak. Pixkana irekiko dituzte segizioak aurrera egin ahala, betiere, pertsonen segurtasuna bermatuta. Edonola, erdigunea, Askatasunaren hiribidetik Bulebarreraino, erabat itxita egongo da.
