Martuteneko bizilagunek pago bat landatu dute, auzoaren «utzikeria» salatzeko
Pago bat landatu dute Martutenen, auzoaren degradazioa salatzeko.Sarroeta auzo elkartea Martuteneko 50 herritar eta erabiltzaile inguru bildu ziren ostiralean Futbito Parkean, Goizueta kalean, auzoak bizi duen utzikeria egoera salatzeko. Sutraiak jokoan goiburupean, jardueraren ardatza pago bat landatzea izan da; Katxiporreta Elkarteko Porrotxek eta Marimototsek oparitu zieten zuhaitza, komunitatearen “indarra eta konpromisoa” irudikatzeko.
Zuhaitza futbito pistaren ondoan kokatu dute estrategikoki, erakundeei mezu argi bat bidaltzeko: parkea eta espazio publikoak bertako biztanleenak direla. Sarroeta auzo elkarteko bozeramaileen hitzetan, mantentze falta hirirako duten “eskubidea kentzeko modu bat da”. Hala, landatutako pagoa “zaindari” gisa geldituko da parkean, udalari berehalako esku hartzea eskatzen dioten bitartean.
Instalazio “mamuak”
Salaketak gogorrak izan dira, parkearen egoerari dagokionez. Bertaratutakoek “instalazio mamuez” hitz egin dute, bost urte baino gehiagoko abandonua metatzen duten txokoak deskribatuz: kirol eremuak, batetik, eta hiri altzariak, bestetik: pintadaz betetako rokodromo erabiltezina, zorua hondatuta duen futbito zelaia eta goroldioak hartutako frontoi txiki bat; horrez gain, mantenu faltagatik apurtutako bankuak eta egoera txarrean dagoen zoladura, erabiltzaileentzat arrisku fisiko bilakatu dena.
Era berean, Martuteneko bizilagunek gogorarazi dute auzoan ez dagoela kiroldegirik ezta pilotaleku egokirik ere. Goizueta kaleko gunea da kirolari gazteak, familiak eta adinekoak elkartzen diren ardatz bakarra: “Gune hauek estetikatik haratago doaz; funtsezkoak dira auzoaren kohesiorako eta herritarren osasun mentalerako”, azpimarratu dute jardueran.
