Pantxoa eta Peiok jasoko dute XIII. Adarra Saria
Pantxoa Karrere eta Peio Ospital, Adarra Sariaren iragarpenean.Xalba Ramirez 2026ko Adarra sariak badu sariduna. Edo hobe esan, saridunak: Pantxoa Karrere eta Peio Ospital musikari lapurtarrak. Hala ezagutarazi dute Viktoria Eugenia antzokian egiten ari diren agerraldian. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten hamahirugarren Adarra saria da Pantxoa eta Peio bikotearena.
Bi saridunek eman dizkiote bihotzez eskerrak “herriko etxeari” eta, saridunen zerrendan egotea “ohore” bat dela adierazi dute, eskerturik. Musikari ere eman dizkiote eskerrak. Ospitalek esan duenaren arabera, herriak eman dio “kantuari” esker bizitzeko aukera, eta “herriari eskertzea” izango da eskainiko duten kontzertua, bai eta egingo duten agur bira.
Lekukoa pasatzea
Karrerek nostalgiaren kontra egin du: “Lasterketa batean lekukoa banatzen dugula iruditzen zait; etortzen diren belaunaldiei emango diegu lekukoa”. Euskal kantuak eta kulturak “bidea egiteko” duela aldarrikatu du kantariak: “Kantua tresna da jendea bildu eta gogoa zabaltzeko”. Norabide horretan, “kantatzeko gai asko” daudela gogoratu du, haiek hasi zirenean abesten ez zirenak: klima aldaketa, emakumeen eskubideak eta haurren kontrako indarkeria .
Gazte-gazte hasi ziren musikaren munduan, eta herriz herri zeharkatu dute Euskal Herri osoa: “Larrainetik Bilbora, Donostiatik Tuterara. Zazpi probintzietako herri guztiak ezagutu ditugu kantuari esker”, aitortu du Karrerek.
Kantuaren magia partekatua dela aitortu du Ospitalek: “Meritua ez da guztiz gurea; gu interpreteak izan gara”. Honela, bereziki Manex Pagola eta Telesforo Monzonen kantuak musikatu dituztela gogoratu dute, eta haien lana aldarrikatu behar dela gogoratu.
“Kantuaren plazera”
Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako epaimahaiaren arabera, Pantxoa eta Peiok 1960ko hamarkadatik gaur egun arte “kantuaren plazera” hainbat belaunaldirekin partekatu dute, “interpretazio zainduak, melodia kantagarriak eta konpromiso soziala” elkarrekin uztartuta.
Honakoa izan da epaimahaiak egindako argudioa: “Euskal gizartearen min eta nahien ahots bilakatuta, “erresistentziazko himno bihurtu ziren protesta kantak plazaratu ditu; Euskal Herriaren nortasuna, sentimendua eta memoria kolektiboa espresatzen duten Iparraldeko kantu tradizionalak berreskuratu eta haien transmisioan lan eskerga egin du. Era berean, Ipar Euskal Herriko poeta, idazle eta musikarien lanak interpretatuz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zubi lana egin dute Pantxoa eta Peiok, eta garai zail eta erabakigarrietan euskal musikarentzat funtsezkoa izan den oinarrizko azpiegitura emankor bat abian jarri”.
Ekainaren 21ean, kontzertua
Pantxoa eta Peiok ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, 19:00etan,Viktoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Jon Insausti alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko dute Iñaki Dieguez (eskusoinua), Mixel Ducau (gitarra), Dánae Riaño (baxua),Gorka Pastor (teklatuak) eta Josu Erbiti (perkusioa) musikariez lagunduta.
Kontzerturako sarrerak asteazkenean, apirilak 22, jarriko dira salgai goizeko 11:30eanDonostia Kulturako bazkideentzat eta ostegunean, apirilak 23, 11:30ean publiko orokorrarentzat, 25 eurotan, donostiakultura.eus/sarrerak helbidean eta Victoria EugeniaAntzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
