Donostiako ibilbide klasikoarekin bukatuko da Itzulia
Maiatzaren 15etik 17ra bitartean jokatuko da emakumezkoen lasterketa, eta mendate gehiago igo beharko dituzte.
Demi Vollering iazko irabazlea, Bulebarreko helmugan.Itzulia Gaur goizean aurkeztu dute emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia. Zarautzen hasiko da maiatzaren 17an, eta bi egun geroago bukatuko da Donostiako Bulebarrean. Guztira, hiru etapa izango ditu Itzuliak, eta 373,4 kilometro egin beharko dituzte. Iazko Itzuliarekin alderatuta, gogorragoa izango da, mendate gehiago igo beharko dituztelako —hamalau, orotara—.
Zarautzen hasi eta bukatuko da lehen etapa (121,2 kilometro). Abadiñoren eta Amorebieta-Etxanoren artean jokatuko da bigarrena (138 kilometro). Erabakigarriena izango da hirugarrena, Donostian hasi eta bukatuko dena. Donostiako Klasikoaren ibilbide bera izango du: 113,1 kilometroko distantzia eta 1.729 metroko desnibela. Hiru mendate puntuagarri izango ditu: bat lehen kategoriakoa, beste bat bigarren kategoriakoa, eta hirugarrena hirugarren kategoriakoa.
Demi Vollering herbeheretarrak irabazi zuen iazko Itzulia, Mischa Bredewold herbeheretarraren eta Sarah Van Dam kanadarraren aurretik.



