Oihana Vesgaren lan berria ikusgai LABO GOn, ostegunean
Datorren ostegunean, apirilak 23, LABO GO56 jardunaldia egingo dute Tabakaleran, Kutxa Fundazioa Klubaren aretoan. Arratsaldeko 19:00etan hasiko den saioak sortze prozesuen erakusleiho izatea du helburu, eta publikoari aukera emango dio arte eszenikoen sorkuntza barrutik ezagutzeko. Ekitaldia doakoa izango da, baina aldez aurretik sarrera erreserbatzea gomendatu dute antolatzaileek.
Oraingoan, protagonista Oihana Vesga dantzari eta sortzailea izango da, Sonus Fossio izeneko bere dantza garaikideko proiektuaren sormen prozesua aurkeztuko baitu. Lanaren izenak berak iradokitzen duen bezala, “soinu-indusketa” kontzeptuan oinarritzen da proposamena, ezkutuan dagoena agerian jartzeko eta material artistikoa modu esperimentalean lantzeko helburuz.
Aurkezpenean zehar, Vesgak sortze bidean erabilitako elementuak partekatuko ditu, besteak beste, Lorea Burgerekin landutako koreografiak, RRUCCULLAren soinu konposizioak eta Iker Gozategi zein Etanowskiren ikus-entzunezko ekarpenak. Proiektuak 2025ean Aideko egonaldia jaso zuen, LABOren eta Atopémonos Bailando ekimenaren barruan, eta Dantzagunearen lankidetza izan du garapenean.
Jardunaldia amaitzeko, ohikoa den solasaldia egingo dute, antolatzaile, artista eta ikusleen artean, sortze prozesuari buruzko gogoetak eta galderak partekatzeko. LABO GO programak, horrelako topaketen bidez, sormenaren atzean dauden mekanismoak gerturatzea du helburu, publikoari ikuspegi zabalagoa eskainiz eta arte garaikidearen inguruko elkarrizketa sustatuz.


