Udalak salmenta erregimeneko etxebizitza tasatuak egingo ditu Infernuan, «klase ertainarentzat»
Ibaetako Infernua eremuko lanak.EH Bildu Donostiako Etxegintzaren administrazio kontseiluak atzera bota zuen atzo (hilak 21) Ibaetako Infernua eremuko bi lursail Eusko Jaurlaritzari laga, eta, horren bidez, bertan alokairuzko etxebizitza babestu eta publikoak eraikitzeko proposamena, udalbatzaren gehiengoaren babesa bazuen ere —EH Bildurena, PSE-EErena eta Elkarrekin Donostiarena—. Horren biharamunean, “Infernuko etxebizitza babestuaren eraikuntza aktibatu” duela jakinarazi du Donostiako Udalak, ohar baten bidez: “Etxegintzako Administrazio Kontseiluak Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako lursailen lagapena onartu du gaur, eta 270 etxebizitza babestu eraikitzeko lizitazio pleguak onartu ditu, lankidetza publiko-pribatuko eredupean, alokairuko etxebizitza sozialak eta donostiarrentzat jabetzako etxebizitza tasatuak konbinatzeko”.
Udalaren arabera, etxebizitza horiek eraikitzeko lanak hiru hilabeteko epean adjudikatu ahal izango dituzte, baita lanak 2026an bertan hasi ere; lau milioi euro inbertituko dituzte horretarako. Horrela, promotore pribatu batek eraikiko ditu 270 etxebizitzak: alokairuzko 135 etxebizitza sozial eta salmenta erregimeneko 135 etxebizitza tasatu —350.000 eurotik gorako prezioan egon ohi dira halakoak—. Gogoratu behar da, bestalde, guztira 540 etxebizitza edukiko dituela Infernuko garapen berriak eta beste 270ak libreak izango direla.
Salmenta erregimeneko etxebizitza tasatuekin, “klase ertaineko donostiarrei etxebizitza bat erosteko aukera eskaintzea da lehentasunezko helburua”, udalaren arabera: “Eguneroko ahaleginarekin lortutako errentei aukera eskura jartzea”. “Gehienezko diru sarrerak, bi pertsona badira, 60.000 euro gordin inguru dira, eta familia unitateko kideen kopuruaren arabera handitzen dira. Maila sozial horrek errotze eta lotura sozial handia du hiriarekin”, gaineratu du udalak.
“Prezio eskuraezinak”
Erakunde publikoek merkatu librean esku hartzeko ahalmena dute, baina Jon Insausti alkateak nabarmendu duenez, “gure edozein gaztek, prestakuntza maila oso altua izanik, eta langabezia maila baxuko hiri batean bizi denez, ezinezkoa ikusten du merkatu librean etxebizitza bat lortzea bere lan diru sarreren bidez”. “Donostiako alokairu librearen eskaintza ia ez da existitzen, eta jabetzako etxebizitza libreak prezio eskuraezina du. Horregatik, jabetzako etxebizitza tasatua donostiarrei zuzenduta dago. Donostiarrek, beren lan errentekin, ikusten dute inoiz ez dutela aukerarik alokairuko etxebizitza publikoan esleitzeko, baina ez dira urrutitik ere iristen etxebizitza librera. Donostiako etxebizitza politikaren betiko ahaztuak izan dira, eta haien beharrei erantzun behar diegu”, gehitu du alkateak.
Ildo beretik, lankidetza publiko-pribatuak “arrakasta aurrekariak” dituela dio Insaustik: “Behin baino gehiagotan erabili da Donostian, hala nola Morlansen eta Txomiñenean. Funtsean, lehiaketa publiko baten bidez, udal titulartasuneko lurzoruak eskaintzen dira, interesa duten enpresek etxebizitza babestuak proiektatu, finantzatu eta egikaritzeko eskaintzak aurkez ditzaten”.
Horrela, EH Bilduren ekimenez atzo Etxegintzaren administrazio kontseiluan eztabaidatutako proposamena kritikatu du alkateak: “EH Bilduren proposamena, alegia promozioa alokairu sozialeko etxebizitzekin soilik osatzea, ez da beraiek kudeatutako udalerri bakar batean aplikatu”. Adierazi du, halaber, lursailak Eusko Jaurlaritzari lagatzeak alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko 32 milioiko gastua ekarriko lukeela: “Gasteizko Gobernuak aurreikusi gabe duena, eta eraikuntza asko atzeratuko lukeena”.


