Altzako emakumeen 'Aldapa' kontatzen duen dokumentala
Gaur hasiko dea Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, Palestinari buruzko Palestine 36 filmaren estreinaldiarekin. Gaur goizean, berriz, bi emanaldi eskaini dituzte prentsarako: Aldapa/La cuesta eta Etxekoak. Biak Donostian kokatua. Biak, nola edo hala, inmigrazioaren gaia ardatz. Baina, biak, hori baino askoz gehiago.
Aldapan izango da ziurrenik zinemaldi honetako film berezienetako bat –lehiaketaz kanpo dagoen arren–. Asteartean izango da estreinaldia, eta aretoa bete-bete izango da; sarrera guztiak jada salduta. Ez da harritzekoa: Altzako jubilatuen etxean gorputz eta mugimendu espresiboaren tailerrean parte hartzen duten 23 emakume helduren bizipenak jasotzen ditu. Espainiar jatorriko migranteak gehienak, bizitza osoa lanean eman duten emakumeak dira protagonistak; soldatapeko lanean eta zaintza lanean.
Tailer hau 202tik egiten da astero, Altzako Jose Manuel Varona adineko erretiratuen elkartean, eta gorputzaren, ahotsaren, antzerkiaren ta dantzaren bidezko topagune bat eskaintzea du helburu. Auzoko aldapa da proiektuaren metafora nagusia, eta abiapuntu artistikoa: bizitzan aurre egin behar izan duten aldapei egiten baitiete erreferentzia.
Lana, migrazioa, zaintzak, galerak, ospakizuna, elkartzea eta… dantza dira emakumea hauen bizitza ardazten duten elementuak. Harrigarria da istorio desberdin guztiek nola osatzen dute historia komun bat.
Mafalda Saloio eta Sergio Harok sinatu dute filma eta emakumeek egindako ekarpena txalotu dute. Hain zuzen Saloiok duela 6 urtetatik gidatzen duen tailerra da emakumeen topaleku nagusia. Eta hortik sortu da dokumental berezi hau. Antzerkiaren, dantzaren eta memoria kolektiboaren artean dabilen dokumentala. “Hasiera batean 5 minutuko pieza bat egin nahi genuen, azkenean 75 minutu ditu”, azaldu du prentsaurrean Saloiok. “Antzerkiak eta dantzak auzo baten bizitzan izan dezakeen eragina” aztertu dute. Harok azaldu duenez, “ez da aldapari buruzkoa, aldapak gainditzeari buruzkoa” baizik.
Dokumentalean parte hartu duten emakumeetako batek, Idoia Garciak, pozez txoratzen hartu du emanaldia: “Oso hunkigarria izan da guretzat proiektu hau. Elkar babesteari esker, niretzako eredugarriak diren emakumeekin partekatu dut egitasmo hau”. Elkarrengandik ikasi dute, elkar zaintzeko.
Jarduera gehigarriak
Proiekzioak batez ere Viktoria Eugenia Antzokian egingo dira, baina Antzoki Zaharra eta Tabakalera ere egoitza garrantzitsuak izango dira. Azken honetan Zinema eta Memoria zikloa egingo da, eta Antzoki Zaharrean Zinema eta Biktimologia zikloko emanaldiak eskainiko dira. Horrez gain, ikastetxeei zuzendutako goizeko saio bereziak ere antolatu dira, adinaren arabera egokitutako filmekin eta gida didaktikoekin lagunduta.
Zinemaldia ez da soilik zinema proiekzioetara mugatuko. Egunero solasaldiak egingo dira zinemagileekin eta adituekin, eta bestelako jarduerak ere izango dira, hala nola Asaari Bibangen bakarrizketa, erakusketak eta giza eskubideei buruzko online joko parte-hartzailea. Halaber, La era Trump y sus consecuencias izenburupean mahai ingurua antolatu dute apirilaren 22an.
Antolatzaileen arabera, zinemaldiaren helburu nagusia da “kalitatezko zinemaren bidez giza eskubideen aldeko kontzientzia piztea eta herritarren konpromiso aktiboa sustatzea”. Sarrerak apirilaren 17tik aurrera egongo dira eskuragarri, eta saio batzuk doakoak izango dira, publiko zabalari ekitaldian parte hartzeko aukera emanez. Egitarau osoa ikusi hemen.


