Eureka! Zientzia Museoa zabalik mantenduko dela ospatzeko elkarretaratzea egingo dute
Eureka zientzia museoa. Eureka! Bizirik plataformak elkarretaratzerako deia egin du igande honetarako, hilak 26, goizeko 11:00etan, Eureka! Zientzia Museoaren atarian. Bertan, museoa irekita mantenduko dutela ospatuko dute.
Idoia Mujika plataformako bozeramaileak gogorarazi du Kutxa Fundazioaren itxiera asmoa “gizarte zibilaren eta komunitate zientifikoaren presioari esker” geratu dela asmo hutsean: “Urrats handia da, jende asko baitzegoen triste eta nahasita gertatzen ari zenarekin”.
Zientziazaleen bilgune
Plataformak askotariko kolektiboak biltzea lortu du: irakasleak, familiak, ikertzaileak eta sektore pribatuko profesionalak. Eta denak helburu berarekin: museoak bere bidea egiten jarrai dezala. Hala ere, Mujikak ohartarazi du “oraindik lan handia dagoela” proiektua berrindartzeko.
Igandeko hitzordua, beraz, ospakizun bat izateaz gain, museoaren jarraipenaren aldeko babes sendoa erakusteko aukera berri bat izango da.


