Loiolako Erriberan hurbileko ekipamendu komunitarioak sustatzea adostu dute
Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak erabaki dute "donostiarrak lehenestea" zuzkidura etxebizitzetan, eta parte hartzeko bi bide aktibatzea auzoan ekipamenduak eta ostatu ereduak zehazteko.
Denis Itxaso eta Jon Insausti, bilera egin aurretik.Irekia Donostiako etxebizitza politikarekin loturiko hainbat proiektu aztertzeko, bilera bat egin dute gaur Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak eta Jon Insausti Donostiako alkateak. Besteak beste, Loiolako Erriberako zuzkidura etxebizitzen lurzatietan akordio berriak lortzeko urratsak egin dituzte.
Horiek horrela, Loiolako Erriberan partaidetza prozesu bikoitza aktibatzea erabaki dute. Batetik, udalak, herritarren partaidetzarako arloaren bitartez, auzoari eta auzo elkarteei irekitako prozesu bat gidatuko du, auzoak behar dituen hurbileko ekipamendu komunitarioak definitzeko. Prozesu horri esker, auzoaren hegoaldeko lurzatian ekipamendu eraikinaren beheko solairuaren erabilerak zehaztu ahal izango dira. Bertan, Jaurlaritzaren hainbat egoitza ezartzea aurreikusten da, zerbitzu komunitarioetarako espazioekin batera.
Bestetik, bi erakundeek partaidetzarako bigarren bide bat bultzatzea adostu dute, kasu honetan Jaurlaritzak gidatua eta udalaren presentziarekin, eremuan aurreikusitako bi partzeletan garatuko diren zuzkidura apartamentuen ostatu ereduari heltzeko. Prozesu horri esker, zuzkidura apartamentuen euskal ereduaren ezaugarriak eta Loiolako Erriberan txertatuko diren berrikuntzak herritarrekin partekatu ahal izango dira.
Testuinguru horretan, bi erakundeek beste akordio esanguratsu bat lortu dute; belaunaldien arteko zuzkidura apartamentu horietan donostiarrei, gazteei zein adinekoei, lehentasuna emango diete. Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak joan den asteartean onartu zuen premiazko neurrien dekretuak dagoeneko sartu du 70 urtetik gorako pertsonak, autonomia osoz, apartamentu berri horietan ostatu hartzeko mekanismoa, alokairuaren bitartekaritza publikoko Bizigune programan etxebizitza uztearen truke.


