'Etxekoak' film laburra Giza Eskubideen Zinemaldian, estereotipoak lantzeko
'Etxekoak' filmaren aurkezpena, Giza Eskubideen Zinemaldian.Xalba Ramirez Bihar, larunbata 25, aurkeztuko dute Giza Eskubideen Zinemaldian Etxekoak filma. “gaztaroari, migrazioari eta identitateari buruz” hitz egiten duen dokumentala da. “Enkarguz” sortua, Jon Santamariaren zuzendaritzapean filmatu da lana, “helburu pedagogikoekin”.
Hala azaldu du Jon Gambra Aldundiko Giza Eskubide eta Eskubide Demokratikoen diputatuak prentsaurrekoan: “Ikastetxeetan lantzeko ikus-entzunezko bat nahi genuen, estereotipoak gainditzeko”. Honela, bideo honekin batera, “unitate didaktiko” bat prestatuko dute ikasleekin eztabaidatu, eta aniztasuna lantzeko.
Filmak “elkarrizketa naturalen” bidez, guraso migratzaileak dituztenen esperientziak jasotzen ditu. Omaima El Youssfi eta Imane Chacha Donostiako Bideberri Institutuko ikasle ohiak dira. Marokoarrak dira eta hemen hazi dira. Musulman praktikatzaileak dira. Gaur egun, Imane ingeniaritza zibila ikasten ari da eta Omaimaa erizaintzako laguntzailea da eta elkarren artean, haien etorkizunaz eta hijaba eramatearen inguruan, zerria jatearen inguruan eta bestelako praktika islamikoak nola bizi dituzten hitz egiten dute.
Daniela Bustos kolonbiarra da eta 2 urterekin etorri zen Donostiara, aita lanean zuelako. Gurasoekin ageri da sukaldean, enpanada kolonbiar tradizionalak kozinatzen. Amarekin partekatzen ditu bere bizipenak, euskarekin harremana eta kolonbiar izatearen sentimendua. Antzeko bizipena da Lourdes Lagos Velasquez gaztearena. Bera hemen jaio den arren, ama hondurastarra du, eta naziotasun krisi moduko bat bizi dutela aitortzen dute: “Hemen, hondurastarra naizela esaten dute, eta han, espainiarra naizela”.
Juan Dorjeren kasuan, aita tibetarra du, eta Donostian jaio den arren, Tibeteko sustraiak dituela onartzen die lagunei, hango kultura bere sentitzen duela eta. Marta Lopesen kasua da desberdinena, akaso. Aita, Armando Lopes, 1980ko hamarkadan etorri zen Cabo Verdetik, eta, Maite Aldanondorekin ezkondu berehala. Elkarrekin daude ordutik, eta, garaian ohikoak ez ziren aurreiritziei egin behar izan zieten aurre. Ordea, Lopesek aitaren sustraiak eta hizkuntza jaso ez izana aurpegiratzen dio.
Estereotipoak helburu
Eztabaida pizteko enkargu bidezko lanek badute arrisku handi bat. Ikus-entzunezko balioa zalantzan jarri gabe, narratiban eta edukian nabari da agente askoren parte hartzea. Film honetan, naturaltasuna lortzen den arren, elkarrizketak, hain zuzen estereotipoetan erortzeko aukera dute. Musulmanen bizitza islamera murriztuz, eta zerria jateagatik edo zapia eramateagatik jasan behar dituzten deserosotasunei lehentasuna jartzen.
Alegia: salbuespen egiten duten horretan jartzen da begia, berdintzen gaituenean baino. Migratzailea arrotz gisa irudikatzen da, eta migrazio prozesuan jartzen da begirada. Beste hautu batzuk ere posible izango ziren, beste eztabaida batzuk posible egingo zituenak.


