Ramon Saizarbitoriak idatzitako Donostian barrena
Liburuaren Egunean, Itxaro Bordak gidatutako ibilaldi literarioa egin dute. Ordu eta erdian, idazle donostiarraren bibliografiako zenbait lan gainbegiratu dituzte hiriarekin duten lotura nabarmenduta.
Ehun metro liburuan azaldutako bidea egin dute partaideek.Maitane Aldanondo Liburuaren Eguna da apirilaren 23a, Miguel de Cervantes eta William Shakespeare idazleen heriotza egun partekatua omen. Hori, ordea, kondaira besterik ez da. Zergatiak zergati, liburu azokak hartu du beste behin Gipuzkoa plaza. Salmenta postuekin batera, zenbait jarduera antolatu ditu Donostia Kulturak, ohi moduan. Horietako bat, duela bi egun urteak bete zituen Ramon Saizarbitoria idazle donostiarra eta bere literatura ardatz izan dituen ibilaldi literarioa.
Hogei bat laguneko taldeak errazago entzutea ahalbidetzeko, entzungailu bana hartu dute partaideek. Hala, belarrira “xuxurla” egingo ziela esan du gidari lana egin duen Itxaro Borda idazle baionarrak. Kontakizun gozoaren lehen azalpenak lekuan bertan eman ditu, Donostia Kulturaren karpan. Esan duenez, izan du hausnarketan ari zen Saizarbitoriarekin Urumea ertzean paseoan gurutzatzeko zortea. Donostiarra dela badaki ere, bere auzoa “misterio bat” zaiola esan du Bordak, norbaitek laster argitu diona: Erdialdea, Grosen bizi bada ere. Datu biografikoak, Friburgon egindako soziologia ikasketak, Euskadiko Ezkerrako zinegotzi garaia… “Polisean inplikatuta” egoteaz gain, gauza askoren hasieran ere izan zela aipatu du baionarrak. Esaterako, Lur argitaletxearena, “funtsezkoa, besterik ez zegoelako”, edota zenbait literatur aldizkarirena, esaterako, Oh Euzkadi, Koldo Izagirre altzatarrarekin batera.
1960-1970eko hamarkadetan sortzen ari zen literatur berrian hiriak indarra izan zuen, bereziki, bi idazle nabarmenen eraginez: Txillardegi eta Saizarbitoria bera. Idazle asko “atera” ziren, eta “intimoagoa den” literaturaz harago, kantagintzan ere izan zen loraldia. Ez dok Amairu edota Lourdes Iriondo aipatu ditu Bordak, nabarmenduz, “galdua genuela dirudien” memoria hori berreskuratzen ondorengo belaunaldiak egiten ari diren ahalegina. Halaber, garai horretan modernismoak, aitzindari izateko nahiak, zuen pisuaz ere aritu da.
Egunero hasten delako, Ehun metro eta Ene Jesus, “eromenari buruzkoa, gutxitan aipatzen da eta nik ere ez dut aipatuko”. Hemezortzi urteko etenaren ondoren, Hamaika pauso, “beste mugarri bat”, Bihotz bi, Gorde nazazu lurpean, Gudari zaharraren gerra galdua, Rossetiren obsesioa, Bi bihotz, hilobi bat, Kandinskyren tradizioa, Martutene, Lili eta biok eta, oraingoz, Miren eta erromantizismoa. “Eremu zabala hartzen duen literatura da, 60 urtean sortua izan delako”. Testuinguruan kokatuta idazlea eta 2019raino luzatzen den obra, lehen kokalekurantz abiatu aurretik, iradokizuna eta ohartarazpenaren arteko zerbait egin die gidariak: “Galderak badituzue, ez dakit dena; baina, egia da, dena irakurri dudala”.
Plaza Berritik Zuloagara
Plaza Berria. Ehun metro amaitzen den tokia. Hornitzaileen ibilgailuen artean, “hiriaren bihotza, festen gunea” hartu dute partaideek. Liburuetan oinarrituta egindako lehen filmetako bat izan zen Saizarbitoriaren bigarren nobela. Santa Mariatik horra bidea egiten du Jon pertsonaiak nobelan eta inoiz neurtu duela onartu du Bordak. Frankismo betean, lehen saiakera zentsurak atzera bota zion Saizarbitoriari. Iparraldeko sariketaren batera aurkeztuta argitaratzen ahalegindu zen, baina ez zuen irabazi. Azkenean, 1976an argitaratu zen, eta Bordak kontatu duenez, “askatasun zirrikitu bat” izan zen.
Eleberri arrakastatsua izan zen garaian, eta hala izaten jarraitzen du, hein batean eskoletan irakasten delako. Baionarraren ustez, belaunaldi berriak ETAren mundura hurbiltzeko bidea da askotan. Sakelakoan idatzitako oharrak begiratu ditu Bordak, noizean behin, leku bakoitzerako prestatua zuena azaldu duela ziurtatzeko. Handik, Zuloaga plazarantz egin dute, ehun metroak osatu eta “gazte garaiko giroari buruz” gogoeta egiteko gonbitarekin.
Han, inguruan jolasean haur talde bat zebilela, Egunero hasten delako izan du hizpide, Iparraldera begiratzeko itsasaldetik, izan ere, hirian gertatzen ez den liburu bakarra da, Frantzia eta Suitza artean kokatuta. Gisele gaztearen istorioa jasotzen du, Mauricek “behartuta” haurdun gelditzen denetik. Riemmesera doa abortatzera, haurra edukitzeko baliabiderik ez duelako.
Garai hartan abortua “itsusia” zen, legez kanpokoa izateaz gain, eta modu klandestinoan gauzatzen zituzten eta emakume asko hiltzen ziren infekzioengatik. 1969an argitaratu zen, abortuaren legeztatzeari buruzko ahotsak entzuten zirenean Frantzia aldean. “Adi zegoen hemendik kanpo gertatzen zenari”. “Eztabaida guztiak sartuko ditu nobelan, aldekoak eta kontrakoak”. Orain, politikariak abortuaren legeetan atzera egitera tentatuta dauden honetan, obra berriz irakurtzea gomendatu die partaideei.
Hausnarketa ugari egin ditu Bordak Saizarbitoriaren obrari buruz. Adibidez, bere lanetan Donostia kontatzen duela uste du, Ibon Sarasolak Donostia garaikidea kontatzen duen moduan, “bere argi-ilunekin”. Hala, lotu du Hamaika pauso liburuarekin. Ia hogei urteko isiltasunaren ondoren, Hondarribia, Donostia eta Bartzelonaren artean girotutako lana kaleratu zuen Saizarbitoriak. ETAren garaiko gertakari bat jasotzen du, “anbiguetatez betea”. Partaideei galdetu die irakurri duten eta parte har zezatela zer sentitu zuten, non irakurri zuten… kontatuz. Ez du erantzunik izan, beraz, hurrengo geltokirantz bidea hartu dute.
Okendotik, abiapuntura
2012an kaleratu zuen Martutene-ren txanda izan da Okendon. Bere nobela luzeena. Max Frishen Montauk eleberria du erreferentzia nagusi, eta haren Lynn protagonista bere orrien artera eraman zuen donostiarrak. Desagertzen ari den Martutenen kokatzen du historia eta bi bikote ditu ardatz, “beti bizpahiru bikote daude”, bat klase burges ertainekoa, medikuak, eta bestea, idazleak. Lynn izeneko neska gazte atzerritar batek dena nahasiko du.
Eleberria ETAk armak utzi eta desegitea erabaki ondorengo urtean argitaratu zuten eta, hain zuzen ere, armagabetzearen urtebetera. “Egoera berri bat irekitzen zaio idazleari eta gizarteari” eta, hala, “eta orain zen?” galderari erantzuten diola. Lynn euskal mundu itxira heltzen den kanpoko airea da, bi bikoteen bizitzara. Bere iritziaz ari dela ohartarazita, Bordaren arabera, metafora bat da “neke handitan aterako den Euskal Herri berriarena, egun bizi duguna”.
Hariak ondoren etorriko zen Lili eta biok eleberrian ere jarraitzen du, “batasuna” ikusten du bien artean Bordak, eta dioenez, ez daki nola ez duten oraindik telesail bilakatu. “Pasionatu gaitu, kasik Goenkale-k bezain beste”, onartu du.
Ordu eta erdiko bidea abiapuntuan amaitu dute. Eguerdiko sirena entzun berritan gertatu da, azken gonbidapen batekin: “Saizarbitoriaren putzura jauzi egin eta bertan ito”.


