Sébastien Tellier eta nazioarteko kartel zabala buru, Boga Boga Festibalaren laugarren edizioan
Donostiak berriro hartuko du Boga Boga Festibalaren laugarren edizioa irailaren 10etik 13ra bitartean. Musika independentearen inguruan sortutako jaialdiak “nazioarteko bokazioa” sendotzen jarraitzen du, eta aurten 25 artista baino gehiago bilduko dituen kartel zabala aurkeztu du. Antolakuntzak lau eguneko egitura mantenduko du, hiriko hainbat gunetan banatutako programazioarekin.
Jaialdiaren jarduerak Miramar Jauregia, Easo Plaza eta Dabadaba artean hedatuko dira. Proposamen artistikoak jaialdiaren nortasunari eutsi dio, synth-popetik elektronikara, rock alternatibotik post-punkera bitarteko soinuak uztartuz, baita sentsibilitate intimista eta tokiko eszena alternatiboa ere.
Kartelaren izen nagusien artean dago Sébastien Tellier, Kiss The Beast disko berriarekin itzuliko dena eta irailaren 12an Miramar Jauregian arituko dena. Halaber, Alice Phoebe Louk bere estilo intimista eta independentea ekarriko du, eta Bodegak art-punk kutsuko proposamena eskainiko du. Euskal Herriko ordezkarien artean, Mursegok ikuskizun berria aurkeztuko du, eta Merina Grisek uda honetako kontzertu bakarra eskainiko du Donostian.
Nazioarteko eskaintza osatzeko, Rubio, Myd eta Ana Roxanne bezalako izenek ere parte hartuko dute, besteak beste. Tokiko eszenari dagokionez, Llúcia Pla eta Alai Miramar Jauregiko Antzoki Abandonatuan ariko dira. Gainera, jaialdiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean Udako Ikastaroak berreskuratuko ditu, egungo musikaren egoerari buruzko hausnarketa sustatzeko.
Sarrerei dagokienez, Miramar Jauregiko kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude, eguneko 35 eurotik eta abonua 60 eurotik abiatuta. Ostiraleko eta larunbateko egitaraua baieztatuta dago jada, eta antolatzaileek laster iragarriko dute Easo Plazako doako kontzertuen programa osoa.



