Milaka lagun irten dira kalera Palestinaren alde eta gerraren kontra
Milaka lagun kalera irten dira palestinarren genozidioarekin eta gerrekin amaitzea eskatzeko.Joseba Parron San Sebastian Mobilizazio jendetsua izan da, antolatzaileen esanetan, 6.000 bat lagunek bat egin dute Gernika-Palestinak egindako deiarekin. Palestinarentzat justizia eskatzen duen Europako Herritar Ekimenarekin bat egin eta sinatzeko eskuorriak banatu dituzte mobilizazioren aurretik Bulebarreko kiosko ingurun pilatzen ari zen jendetzaren artean.
Ezarritako ordua baino hogei bat minutu beranduago abiatu da mobilizazioa. Bi haur palestinar buruan, Palestinako banderaren iskina banatan, eta atzean, irudi ikusgarri bezain hunkigarria: bi ilara luzetan jarrita, berrehun bat lagun, beltzez jantzitako gizonezko eta emakumezkoak, batzuek kufiyarekin, besoetan zapi zuriekin estalitako fardelak. Irudi indartsua, irudikatzen dutena haurren hilotzak baitira, eta Israelek genozidioa hasi zuenetik horiek baino askoz gehiago erail dituela kontuan hartuta. Antolatzaileek hori helarazi nahi diete gazatarrei: “Haien eraildako seme-alabak gureak ere badirela”. Bulebarreko errepidera irten direnean txaloak besterik ez dira entzun. Gero, musika.
Picassoren maisulanaren iturburua omen den bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan, koadro ezaguneko besoaren irudia Palestinako banderaren gainean, eta handik, Mikel Laboaren ahotsa Gernika kantan, arabiarrez abestutako doinuak, edo euskara eta arabiera uztartzen dituen Gernikan abestia. Bide guztian gehien entzun dena doinu horiek izan dira, noizean behin oihu egin dutenetan izan ezik. Eta gainerakoan, isiltasuna. Manifestarien artean, eta bidean zehar pasatzen ikusi dutenen artean. Hauek egindako txaloak ere, han eta hemen.
Askotariko babesa
Zutabe beltzak Askatasunaren hiribidera iritsi direnean, gelditu egin dira. Elkano kalearen beste aldera iritsi da pankarta eta haien atzean, jendetza. Kultur arloko ehunka eragilek babestu dute mobilizazioa, eta horrek, lagundu du gaurkoan nekeari eta “gerra ohiko bilakatzeari” aurre eginez, herritarrak batzeko. Pankarta eutsi dute aurpegi ezagunek ere, besteak beste, Ainhoa Aierbe, Olatz Beobide, Iñake Irastorza, Ramon Agirre, Jesus Mari Zamora, Naiara Arnedo, Fermin Muguruza, Amagoia Mujika edota Martxelo Otamendi.
Hiribideko bi errailak bete eta aurrera jarraitu dute Argentinar errepublika kalerantz. Ramon Labaien plaza aurrean Global Sumud flotillaren aldeko pankarta eta lau afixa lerroburu edo kontsigna banarekin: “500-700 haur palestinar epaituta urtero epaitegi militarretan”, “100 misil 1o minutan Libanon”, “Milioi bat palestinar kartzelatik pasa dira 1967tik”, eta Israelek palestinarrentzat heriotz zigorra ezarri duela gogoratzeko, urka.
Jesus Maria Leizaola pasealekuan barrena, Kursaaleko zabalgunea bete dute. Ezkerretara, pankarta eusten joandakoak. Erdian, eszenarioa, eta buruan joan diren beltzez jantzitako herritarrak, beste hilotz batzuk irudikatzen zituztenen atzean jarrita, eskuinean, berriz, abesbatza bat. Zinta bat jarri dute, eta haren atzean pilatzen joan dira manifestariak. Sirena hotsak entzun dira, eta haien ondoren, Baga biga abestia kantatu dute Astigarragako Aiztondo, Donostiako Kantakidetza, Hernaniko Kantuz eta Orioko Salatxo abesbatzetako kideek.
Ondoren, Mohammad Farajallah aktibista palestinarrak hitz egin du eta Sol Bandek Gazan hildako haurrei idatzitako Nire haurrak txoriak dira zeruan abestu dute. Haien guztien omenez, besoetan zeramaten fardoak lurrean utzi dituzte manifestariek, bertan jarrita zeudenen ondoan, eta biolontxeloaren doinuak lagunduta Agurra dantzatu die emakume batek.
sss
Musika isiltzean, antolatzaileen bozeramaile Ibon Meñikak euskaraz egin du adierazpena. “Gernikaren herritik, memoriaren eta izugarrikeriaren herritik, Palestinari eta munduari elkartasun eta maitasun oihu bat bidaltzen dugu: Genozidioari ez! Gerrari ez!”, esanez hasi du. Gerra “luzatzen eta normalizatzen” ari dela nabarmendu du, Trump-Netanyahu aliantzak mundua hankaz gora jarri duela eta ondorioak herritarrok ordaintzen ari direla.
Genozidioak, garbiketa etnikoak, gerrak, gizateriaren aurkako krimenak, blokeoak, goseteak eta desplazamendu masiboak… Nazioarteko legedia “sistematikoki urratzen da eta inork ez du erantzukizunik hartzen”. Palestinan gertatzen dena ez da salbuespena, “irakaspen bat da”. Genozidioa indarrean, laguntza humanitarioaren blokeoa eta herri oso baten eskubideen suntsiketa”. Ez dute ahaztu gatazka zabaltzen ari dela Libanora eta Zisjordaniara, Kubaren aurkako blokeo kriminala, Sahararen okupazioa eta Venezuelaren aurkako eraso militarra. “Gernikan bizi izan genuen, eta horregatik ez gara isilik geratuko”.
AEB eta Israel dira egoeraren eragile nagusiak, “logika inperialista eta espantsionista batek” lotuak. “Inperialismoak eta sionismoak” beren interes geoestrategikoak inposatzen dituzte eta gelditzeko beharra nabarmendu du. Inpunitate osoz jokatzen dute eta nazioarteko justiziak epaitzeaz gain, harreman ekonomikoek, komertzialek, kultur eta kirol eremuko harremanek… “ezin dute normaltasunez jarraitu. Are gehiago, eten egin behar dira eta urgentziaz, gainera”.
Euskal Herril bakea eta justizia aldarrikatzen jarraituko duela berretsi du Meñikak. “Europak ezinezkoa du beste alde batera begiratzea. Pertsona eta herriak babesteko konpromiso zehatzak hartu eta gauzatzea “beharrezkoa” dela gogoratu du. “Gauzatzeko garaian gaude, bai Palestinarako bai gainerako munduarentzako”.
Laboaren Martxa baten azken notak amaitu du ekitaldi hunkigarria.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak manifestazioan egindako irudi bilduma:


