Eureka museoaren itxiera gelditu izana ospatu du Eureka Bizirik plataformak
Eureka Bizirik plataformak igandean egindako elkarretaratzea.Eureka Bizirik Eureka Bizirik plataformak deituta, hainbat herritar elkarretaratu ziren igande goizean Donostiako Eureka zientzia museoaren kanpoaldean, “zentroaren jarraipena ospatzeko”: “Mobilizazio aste intentsu batzuen ondoren, Eureka zientzia museoa irekita mantenduko dela ospatzeko elkartu nahi izan dugu. Gure helburua, hasieratik, kultura zientifikoaren hezkuntza eta sustapen baliabide garrantzitsu honi balioa ematea izan da, bai eduki iraunkorrengatik, bai programazioagatik eta planetarioagatik”.
Era berean, plataformak eta museoak berak jasotako babesa eskertu zieten herritarrei, besteak beste, nabarmenduz museoa irekita mantentzearen aldeko “16.000 sinadura baino gehiago” bildu dituztela, “baita familien, hezkuntza komunitatearen eta zientzia eta dibulgazio arloko erakundeen babesa ere”.
Etapa baten amaiera
Museoaren itxiera geldiarazita, beraz, “”herritarrak mobilizatzeko lehen etapa baten amaiera” iragarri zuen plataformak, baina “proiektuaren bilakaera gertutik jarraitu beharko” dela ohartarazi zuen: “Gaur emaitza garrantzitsua ospatzen ari gara, baina jakin badakigu, halaber, museoak nabarmen egin duela behera 2021az geroztik, bai bere instalazioetan, bai programazioan. Ildo horretan, plataformak dei egin die erakundeei museoa Euskadiko zientzia dibulgazioko estrategian koka dezaten berriro, apustu berritua eta anbizio handikoa eginez”.
Hain zuzen ere, “neurri zehatzak” eskatu dituzte horretarako: “Kudeaketa eredu iraunkorra eta gardena definitzea; museo proiektu berritua bultzatzea, azken urteetan metatuko kalteak konponduz eta etorkizuneko estrategia bat diseinatzea, dibulgaziorako eta hezkuntza zientifikorako funtsezko eragile gisa duen eginkizuna indartzeko”.


