Guardetxearen elkartea osatu eta eraikina kudeatzeko proposamena aurkeztu diote udalari
Hitzaldi bat, Guardetxean.AZGA Ostiralean, maiatzaren 1ean, urte bat beteko da Guardetxea okupatu zutenetik. Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Urgullen magalean dagoen eraikina auzolanean konpondu eta Guardetxearen proiektua abiatu zuten. Horren harira, elkartea osatu eta Donostiako Udalari proiektu autogestionatua eta komunitarioa aurkeztu diote.
“Azken hilabeteotan, hainbat bilera izan ditugu udaleko ordezkari eta teknikariekin balizko akordio baten bitartez Guardetxearen esleipena adosteko asmoz. Une honetan, ordea, adierazitako borondateaz harago, ezin dugu esan inolako konpromisorik erdietsi dugunik”, adierazi du AZGAk.
Elkartea sortu eta proiektua aurkeztean arrazoia ere azaldu dute: “Lehen unetik adierazi dugun borondatean berrestea litzateke. Gure helburu nagusia, Guardetxea auzoarentzat izatea da, eta bertan martxan jarritako proiektuaren iraunkortasuna bermatu nahi dugu”.
Orain, udalaren txanda dela dio AZGAk, eta bi aldeen artean eraikinaren esleipen baldintzak adosteko prest agertu dira. Era berean, eraikinean egin beharreko egokitzapen lanen diseinua eguneratzeko eta finantziaziorako baliabide ekonomikoak lortzeko borondatea dutela jakinarazi dute.
Urtebeteko balantzea
AZGAk Guardetxearen urtebeteko balantzea ere egin du. “Sei urtez eraikina hutsik izan duen udal gobernuak, errepresioaren bitartez erantzun dio martxan jarritako gaztetxearen proiektuari. Honen erakusle dira aurre egin behar izan diegun epaiketak, huste saiakerak, martxan dauden muntai polizial eta prozesu judizialak edota errekurritu behar izan dugun 32.000 euroko isuna. Hala ere, elkartasuna antolatu eta erresistentziari eutsi diogu, eta oztopoak oztopo, ez dute gure jardun politikoa etetea lortu”, azaldu dute.
Horrez gain, “harro” daude “etenik gabeko” eskaintza kultural eta politikoa garatu dutelako Guardetxean: “Doako kirol komunitarioko proiektuak sortu ditugula eta hamaika elkarte, eragile eta kolektiboen ekimenak garatzeko aterpe izan dela. Milaka pertsona igaro dira bertatik eta auzoko eta Donostiako elkarte eta gizarte mugimendu ugariren babesa dugu. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu urte luze honetan babesa adierazi eta laguntzera bertaratu zareten guztiei. Hortaz gain, maiatzaren 2an burutuko dugun urteurren ospakizunetan parte hartzera ere gonbidatu nahi zaituztegu”.


