Hernaniko Ikatz Gane zentral eolikoaren aurkako alegazioak egitera gonbidatu dituzte herritarrak
Artxiboko irudia. Alegazio epean dagoen Hernaniko “Ikatz Gane” izeneko zentral eolikoaren aurkako alegazioak egiteko dokumentua zabaldu dute, donostiarrek ere izenpetzeko. Azaldu dutenez, Donostiako lurretan kokaturik ez dagoen arren, donostiarrentzat “inpaktu bisual handia” izango dute errota erraldoiek.
Alegazio dokumentu hau pertsona batek indibidualki egindako ekarpen bat da, hain zuzen ere, Hernaniko udalerriak Aranorekin muga egiten duen Urumeako mendialdean zentral eoliko bat eraikitzeko Enigma eta Arena Green Power enpresak bultzatzen ari diren proiektuari buruz azterketa kritiko eta informatibo mardula dakarrena.
96 orrialde eta 22 ataletan banatuta, proiektu horrek lurraldean eragingo lituzkeen kalte ekologikoak eta sozialak xehatzeaz gain, egitasmoan nabarmentzekoak diren “irregulartasunak”, “gabeziak”, “faltsukeriak”, eta Ikatz Gane izeneko poligono eolikoaren egitasmoa bertan behera uzteko dauden arrazoiak azaltzen ditu.
Salatu dutenez, besteak beste, proiektuaren eraginen inguruan Aranoko Udalari eta Nafarroako Gobernuari ez zaio “inongo kontsultarik egin” eta “lotsagarrikeria bat ez ezik, egitasmoaren tramitazioa bera errotik baliogabetzen duen funtsezko gabezia bat” dela.
Alegazioak egiteko modua
Alegazioak aurkezteko epea maiatzaren 4ra bitartekoa da (egun hori barne) eta ondoko moduak daude: Donostian, Eusko Jaurlaritzaren Industria sailaren Ordezkaritzaren bulegoetan (Easo kalea, 10. Ordutegia: 8’30-14’00h); Eusko Jaurlaritzaren Alderdi Ederreko bulegoetan dagoen “Zuzenean” zerbitzuaren bidez (Andia kalea. Ordutegia: 8’00-19’30h. Kasu honetan aurretiazko zita eskatu behar da); eta, bestela, bestela, korreo zertifikatu bidez.


