Kapitainaren golek ez dute beti irabazteko balio
Realeko mutilek berdindu egin du Rayoren zelaian, eta neskek Madrili irabazi diote, Zubietan. Aldiz, galdu egin dute Ibaeta Basketek eta Gipuzkoa Basketek.
Mikel Oiartzabal kapitaina egindako goletako bat ospatzen.Reala Hamalau gol daramatza ligan Mikel Oiartzabal Realeko kapitainak, inoiz baino gehiago. Hau da, bere marka pertsonala gainditu du, eta oraindik bost neurketa falta dira liga txapelketa bukatzeko. Rayo Vallecanoren kontra bi egin zituen atzo, baina ez ziren baliagarriak izan hiru puntuak lortzeko. Txuri-urdinek berdindu egin zuten, arerioak luzapen amaigabean gola egin zuelako (3-3). Orri Oskarsson aurrelariak egin zuen Realaren beste gola. Kontuak kontu, Txapeldunen Ligako postuen lehian jarraitu arren, ez da ahaztu behar taldeak Europa Liga ziurtatua duela Espainiako Kopa irabazi zuelako. Beraz, ikusteko dago jokoan dauden hamabost puntuak nola lehiatuko dituzten. Txuri-urdinak sailkapeneko zortzigarren tokian daude, eta Txapeldunen Ligako postuak zazpi puntura dituzte.
Realeko neskek, berriz, hirugarren postua egonkortzeko beste garaipen bat eskuratu zuten Zubietan. Partida ona egin zuten txuri-urdinek eta nagusitasunez menderatu zuten Madril (2-0). Lavogezek eta Cecilia Marcos donostiarrak egin zituzten golak. Garaipenari esker, zortzira jarraitzen du Tenerife laugarren sailkatuak, eta lau norgehiagoka falta dira liga bukatzeko.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ezin izan du ligako fase erregularra behar den moduan bukatu. Galdu egin zuten Gironaren kontra, Gaska kiroldegian (58-84). Denboraldi zaila izan da Azu Muguruzak gidaturiko taldearentzat, baina, gutxienez, mailari eustea lortu dute, eta Europan nahiko txukun ibili dira. Bestalde, Gipuzkoa Basketek ezin izan zuen beste garaipen bat eskuratu etxetik kanpo. Coruñaren pistan galdu zuten, hogei puntuko aldearekin (75-55). Sailkapen nagusiko seigarren postura jaitsi dira.
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 32. jardunaldia
- Rayo 3 – Reala 3
Emakumezkoen lehen maila, 26. jardunaldia
- Reala 2 – Madril 0
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 30. jardunaldia
- Ibaeta Basket 58 – Girona 84
Gizonezkoen bigarren maila, 32. jardunaldia
- Coruña 75 – Gipuzkoa Basket 55


