'Aldapa' dokumentala aurkeztu dute: Altzako 23 emakume langileren egia
Aldapa filmeko emakume altzatarrak.Xalba Ramirez Aldapa film txikia da, baina istorio handiak kontatzen ditu. Dokumentalera auzo baten istorioa ikusiko nuelakoan sartu nintzen, eta herri honen funtsezko zati bat entzun izanaren sentsazioarekin atera nintzen: protagonismorik eskatu gabe bizitza osoak altxatu dituzten emakumeena. Izenburuko aldapa ez da Altzako malda hutsa: “Gure bizitza kostatu zaiguna da. Borrokatzea. Bizitzea aldapak igotzea da”.
Hau izango da ziurrenik zinemaldi honetako film berezienetako bat –lehiaketaz kanpo dagoen arren–. Asteartean izan da estreinaldia, eta aretoa bete-bete izan da; sarrera guztiak jada salduta. Ez da harritzekoa: Altzako jubilatuen etxean gorputz eta mugimendu espresiboaren tailerrean parte hartzen duten 23 emakume helduren bizipenak jasotzen ditu. Espainiar jatorriko migranteak gehienak, bizitza osoa lanean eman duten emakumeak dira protagonistak; soldatapeko lanean eta zaintza lanean.
Tailer hau 2020tik egiten da astero, Altzako Jose Manuel Varona adineko erretiratuen elkartean, eta gorputzaren, ahotsaren, antzerkiaren ta dantzaren bidezko topagune bat eskaintzea du helburu. Auzoko aldapa da proiektuaren metafora nagusia, eta abiapuntu artistikoa: bizitzan aurre egin behar izan duten aldapei egiten baitiete erreferentzia.
Zoriontasunaren xerka
Mafalda Saloiok eta Sergio Harok bitarteko oso gutxirekin baina aparteko samurtasunez filmatu dute. Ez dute ezer apaindu nahi izan, eta akats batzuk ere bere horretan utzi dituzte. Saloiok gidatzen duen tailerrari esker, emakumeekin konplizitatea eraiki eta etxeetaraino sartu dira, intimitate historikoak azaleratuz. Harrigarriki egiten dute bat emakume langile migranteen bizipenek: zaintzak, indarkeriak, lanak, pobreziak… Baita ere, zorionez, bizi grinak, borrokak, zoriontasunak… eta dantzak! Dantzari loturik ari dira haien zahartzaroaren bidez haien bizitzak ospatzen: “Orain inoiz baino zoriontsuagoa naiz”.
Filma gorpuzten duten 23 emakumeek Galiziatik, Extremaduratik edo Asturiastik etorritako migrazioez hitz egiten dute; lan amaigabeez, senar urrunez, urte gogorrez eta isilune luzeez. Handikeriarik gabe kontatzen dute, egia biluzi batekin, edozein diskurtsok baino gehiago hunkitzen duena.
Badago zerbait bereziki ederra gizonezko ahotsik ez agertze horretan, nahita izan ala ez. Orduan fokua ia inoiz egon ez den tokian geratzen da: hamarkadetan zehar ehundu duten zaintza sare ikusezinean, konplizitatean eta erresistentzian. Aldapa-k bizirik iraun ez ezik, elkarri eusten jakin zuten emakumeak erakusten ditu. Filmak ulertzen du memoria ez dagoela monumentuetan, baizik eta sukalde batean, eskailera batean edo klase ondoko solasaldi partekatu batean.
Baina dokumentalaren onena da ez dela nostalgia hutsean geratzen. Orainaz ere hitz egiten du: barrez, ikasten jarraitzeko gogoz, etxetik ilusioz ateratzeaz, elkarrekin bizirik sentitzeaz. Gaztetasunarekin eta berritasunarekin itsututa bizi garen garaiotan, Aldapa-k gogorarazten du edertasun handia dagoela dena eman ondoren aurrera egiten jarraitzen dutenengan.
Gaur egun ehunka aldapa jasaten dituzten emakume langile migratzaileak beste begi batez ikusteko aukera izan daiteke.


