Antzerkia auzoetara itzuliko da, Poltsiko Antzerkiaren XXXV. Jaialdiarekin
Euskarazko sorkuntzek leku handia izango dute Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiaren 35. aldian.Donostia Kultura Donostiako auzoak umorez, magiaz eta sorkuntzaz beteko dira maiatzaren 7tik 24ra bitartean. Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak 35 urte beteko ditu aurten, eta urteurren borobil hori ospatzeko, programazio zabala prestatu du Donostia Kulturak: hamazazpi konpainia arituko dira hiriko 27 gunetan banatutako 30 saiotan. Maiatzeko lehen hiru astetan zehar, ostegunetik igandera, antzerkia bere ohiko eszenatokietatik atera eta taberna zein auzoetara hurbilduko da.
Jaialdiak askotariko proposamenak biltzen ditu, betiere gaur egungo gaiak umoretik eta kritikatik jorratuz; bakarrizketak eta bikarrizketak, antzezlanak eta magia saioak egongo dira, besteak beste.
Euskara eta berdintasuna
Edizio honetan, euskarazko eskaintza indartzeko apustua egin dute: besteak beste, Poltsiko Sorkuntza sariaren irabazleak, Idoia Garzesek eta Mikel Martinezek, Taxi antzezlana aurkeztuko dute. Eta, era berean, deialdiko finalista izan den Tessa Andonegiren eta Ainhoa Aierberen Euskal musikarekin, kontuz! bikarrizketa ere ikusi ahal izango da, hainbat auzotan.
Hizkuntzen arteko oreka mantentzeaz gain, jaialdiak emakumeen presentzia sustatu nahi izan du; izan ere, parte hartuko duten konpainietatik zortzi emakumezkoenak dira, eta hiru mistoak.
Amaiera festa, kriptan
Jaialdiari amaiera emateko, festa berezia egingo dute maiatzaren 22an, ostiralarekin, Convent Gardeneko kriptan. Gau horretan, Demode Quartet taldeak A kupela show musika festa eskainiko du, eta Los Gandules bikote aragoitarrak ere egingo du emanaldia.
Emanaldi guztiak doakoak izango dira, lekuak bete arte, amaiera festa izan ezik. Azken horretarako gonbidapenak egun berean jarriko dira salgai, 11:30ean, Donostia Kulturako leihatiletan eta webgunean.


