Donostiako hiri hondakinen bilketako «emaitza txarrak» salatu ditu Donostia Bizirik-ek
Errefusaren edukiontziko hondakinen karakterizazioa, Grosen.Donostia Bizirik Donostiako Udalak 2025eko hiri hondakinen bilketako datuak argitaratu berri ditu, eta Donostia Bizirik elkarteak salatu du datuak “txarrak” direla: “Zoritxarrez, sorpresarik ez; %41,6 bildu da gaika, 2024an baino gutxiago. Hamar urte dira Donostian neurri esanguratsurik hartu ez dela eta, ondorioz, emaitzetan aurrerapausorik izan ez dela: %3,8an hobetu da gaikako bilketa azken hamaika urteotan. Gero eta diferentzia handiagoz, Donostia da Gipuzkoako herrien artean gutxien birziklatzen duena”.
Hori salatzeko, performance bat egin zuen Donostia Bizirik-ek larunbatean, Groseko Nafarroa Beherea plazan. Hain zuzen ere, errefusaren edukiontzi batetik hondakinak atera, kalean zabaldu, gaika banandu, pisatu, berriro jaso eta bakoitza zegokion edukiontzira bota zituzten, handik pasatzen ziren herritarren begiradapean.
Azaldu dutenez, guztira, 30 kilo hondakin atera zituzten errefusaren edukiontzitik, eta honela banatu zituzten: errefusa, kilo bat (%3,33); papera eta kartoia, 3,7 kilo (%12,33); organikoa, 16 kilo (%53,33); ontzi arinak, 4,9 kilo (%16,33); beira, 1,9 kilo (%6,33) eta bestelakoak, 2,4 kilo (%8,33). “Donostia Bizirik-ek lortutako emaitzek frogatzen eta azaltzen dituzte Donostiako gaikako bilketako emaitza txarrak”, salatu dute, udalari “neurri eraginkorrak” eskatzearekin batera, “gutxienez, Gipuzkoako beste herrien batez bestekora heltzeko”.




