Greba mugagabea sustatuko du ELAk Avanza enpresan, «akordioa ez delako bete»
Grebak Bilbo, Donostia eta Gasteiz arteko lineei eragingo lieke, baita Loiu-Arrasate, Loiu-Donostia, Loiu-Gasteiz eta Deba bailarako linea guztiei ere.
Lurraldebuseko bi autobus, Avanza enpresaren kudeaketapean, artxiboko irudi batean.ELA Avanza enpresako langile batzordeak (UGT, ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek dute ordezkaritza) eta zuzendaritzak aurreakordio bat adostu zuten iazko urrian, Lurraldebus garraio publikoko zerbitzuan eragina duen lan gatazkari amaiera emateko. Ordea, ELAk salatu duenez, “gatazkak zabalik jarraitzen du eta hitzarmenik gabe”, eta, beraz, “greba mugagabea sustatuko” duela ohartarazi du sindikatuak.
“urreakordioa iritzi publikoari aurkeztu zitzaion gatazkaren amaiera eta langileen baldintzen hobekuntza gisa”, gogorarazi du ELAk, baita nabarmendu ere egungo errealitatea oso bestelakoa dela: “Joan den apirilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzarekin egindako bilera batean, agerian geratu zen enpresak ez duela aurreakordioa hitzartutako baldintzetan berresteko asmorik, hitzarmen kolektiboan txertatzeko. Avanzak bitartekaritza prozesuan adostutakoari aldebakarrez aldaketak sartu nahi dizkio; prozesu horretan Lan sailburuordetzak bermatzaile gisa parte hartu zuen”.
“Negoziazio kolektiboan lortutako adostasunen urraketa larria da” hori ELAren ustez, “bitartekaritzan sinatutako akordioa ez delako errespetatzen”. “Ezin da gatazka amaitutzat jo hitzartutakoa jasoko duen hitzarmenik ez dagoen bitartean”, gaineratu du sindikatuak. Hori dela eta, greba mugagabea sustatuko du Avanzako langileen artean, “plantilla osoarentzat hitzarmen duina bermatzeko helburuarekin”.
Grebak Bilbo, Donostia eta Gasteiz arteko lineei eragingo lieke, baita Loiu-Arrasate, Loiu-Donostia, Loiu-Gasteiz eta Deba bailarako linea guztiei ere. Izan ere, gogoratu behar da Avanza enpresak kudeatzen duela Gipuzkoa Bilborekin, Gasteizekin eta Loiuko aireportuarekin (Bizkaia) lotzen duen autobus publikoen sistema, baita Debagoieneko garraio zerbitzua ere.


