Murillo eta Safronkine dantzariek dohaintzan eman dizkiote Donostiari euren azken agurreko oinetakoak
Iker Murillo eta Vitali Safronkine dantzariek euren dantza oinetakoak eskaini dizkiote dohaintzan hiriari, Jon Insausti alkatearekin egindako agerraldi batean.Donostia Kultura Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da bihar (hilak 29), eta, horren atarian, dohaintza ekitaldi berezia egin dute Donostian Iker Murillo eta Vitali Safronkine dantzariek, Jon Insausti alkatearekin batera. Hain zuzen ere, dantzariek euren azken agurreko dantza oinetakoak dohaintzan eman dizkiote hiriari, eta, aurrerantzean, Viktoria Eugenia antzokiko sarreran egongo dira ikusgai, Donostia Kultura udal erakundeak nabarmendu duenez, “nazioartean ospea zabaldua duten tokiko dantzariek aurretik emandakoekin batera, tartean Alicia Amatriainek, Lucia Lacarrak eta Ion Agirretxek”.
Murillok eta Safronkinek 2023ko urtarrilaren 21ean esan zieten agur agertokiei, Donostian, Viktoria Eugenia antzokian, hainbat hamarkadatan maila goreneko dantzari profesional gisa aritu ondoren. Hegalak. Notas vascas para piano y danza pieza eskaini zuten egun hartan, Josu Okiñena pianistaren laguntzarekin. “Bira hartako dantza oinetakoak pausatu egin dira orain balletari eskainitako bitrinan, arian-arian handitzen doan horretan”, nabarmendu du Donostia Kulturak.
Dohaintzarekin pozik agertu dira dantzariak: “Elkarrekiko keinu polita da. Luxua da niretzat hain garrantzitsua den zerbait partekatzea, alegia nire azken emanaldiko dantza oinetakoak, bitrina horretan, maila horretako dantzarien dohaintzekin batera”, adierazi du Murillok. “Viktoria Eugeniak gauza asko sinbolizatzen ditu niretzat. Horregatik, azken emanaldi haren gure zatitxo bat eskaintzeak ilusio handia egiten dit”, gaineratu du Sakronfinek.

Iker Murillo eta Vitali Safronkine dantzariek euren dantza oinetakoak eskaini dizkiote dohaintzan hiriari, Jon Insausti alkatearekin egindako agerraldi batean.Donostia Kultura
Ibilbide luzea
Pasaian 1978an jaioa, Murillok “dantzari eskaini dio bizitza”, Donostia Kulturak nabarmendu duenez. Zuricheko Balletean (2001-2010) bizi izan zuen bere lanbide hazkunderik handiena, Heinz Spoerliren zuzendaritza artistikoarekin, non demisolista gisa sartu eta dantzari nagusi gisa amaitu zuen. Geldialdi bat egin ondoren, Baseleko Balletean (2010-2011) eta Lausanneko Bejart Balletean (2011-2015) nabarmendu zen. Konpainia horietan, rol nagusiak bete zituen mundu osoko eszenatoki ospetsuetan, baita hainbat aitortza entzutetsu jaso ere. Bestalde, 2015etik, dantzari gonbidatu nagusi gisa aritu zen Alemanian, Erresuma Batuan, Italian, Amerikako Estatu Batuetan, Arabiar Emirerri Batuetan eta Hego Korean. 2017an, bere dantza eskola propioa sortu zuen, Studio 24, Pasaian kokatua, non irakasle gisa aritzen den, euskal dantzarien hurrengo belaunaldiari kalitatezko prestakuntza eskainiz.
Sakronkineri dagokione, Errusiako Samara hirian jaio zen, 1984an, eta Heinz Spoerlik zuzendutako Zuricheko Balletean (2002-2010) profesional gisa debutatu zuen, baita dantzari nagusi mailara iritsi ere. Richard Wheelockek zuzendutako Baseleko Balletean (2010-2011) eta Lausanneko Bejart Balletean (2011-2015) Gil Romanen zuzendaritza artistikoarekin aritu zen ondoren, eta Philip Glassen musikari buruzko Reflejos lana sortu zuen. 2015etik, dantzari gonbidatu nagusi gisa lan egiten zuen Alemanian, Erresuma Batuan, Italian, Amerikako Estatu Batuetan, Arabiar Emirerri Batuetan eta Hego Korean. Gaur egun, dantzari eta koreografo lanak uztartzen ditu Studio 24ko irakaskuntzarekin, Murillorekin batera zuzentzen duen dantza eskolan.



