Egia «frikiegia» izango da, maiatzean
'Frikiegia' jaialdia egingo dute Egian, maiatzean.Donostia Kultura Maiatza hilabete berezia izaten da mundu osoko friki komunitatearentzat, eta aurten, Egia auzoak bat egingo du ospakizun horrekin. “Friki Harrotasuna” dela eta, Egiako liburutegiak, Gaztelekuak eta +55 programak indarrak batu dituzte, lau ekitaldi nagusiz osatutako egitaraua aurkezteko.
Egitaraua maiatzaren 7an abiatuko da, Gazteszenan, Mahai jokoen erauntsia izeneko saioarekin, eta dadoak, kartak eta estrategia izango dira protagonista. Bigarren hitzordua maiatzaren 14an izango da, liburutegian, It’s only Rol, but I like it izenburupean. Saio horretan, parte-hartzaileek pertsonaia desberdinen azalean sartzeko aukera izango dute, abentura eta irudimena uztartuz.
Kaseteak eta zozketak
Umoreak eta nostalgiak ere lekua izango dute, maiatzaren 27an. Egun horretan, Kasete Birbobinatze IV. Mundu Txapelketa egingo dute. Garai bateko ohiturari jarraituz, BIC boligrafoa hartu eta kaseteak azkarren nork birbobinatzen dituen neurtuko dute. “Sari #FrikiEgia” preziatua egongo da jokoan.
Jaiari amaiera emateko, maiatzaren 28an, Friki Harrotasunaren Zozketa Mundiala egingo dute, liburutegian. Bertan, “frikikatiluak” banatuko dituzte zortedunen artean, bakoitzak jabeak bakarrik ikusi ahal izango duen mezu ezkutu bat duela.
Jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira eta sarrera librea izango da.

