Modu izango da Tabakalerako kafetegi berria, eta irailean zabalduko dute
Tabakalera eraikina.Tabakalera Pasa den urte bukaeran, Tabakalerako jatetxe zerbitzua ustiatzeko lehiaketa publikoa egin ondoren, Modu egitasmoak hartuko du ostalaritzari eskainitako espazioa. Irailean irekiko dute tokiko produktuetan oinarrituta.
“Establezimendu berria —orain egokitzapen integraleko fasean— zentroko eta Donostiako publiko desberdinen erritmo eta beharretara egokitzeko diseinatu da, ostalaritza zerbitzu arina eta kalitatezkoa eskaintzeko”, adierazi du Tabakalerak.
Proiektu honen buruan diziplina anitzeko talde bat dagoela gaineratu dute, eta tokiko ostalaritzan bildutako esperientzia zabala eta kudeaketa profesionalizatua uztartzen ditu. Bikaintasun zerbitzua ziurtatzea izango da zuzendaritza operatiboaren eta sukaldaritzaren helburua, eta espazioaren identitateari eta zuzendaritza sortzaileari emango zaie garrantzia.
“Modu kafetegiaren proposamen gastronomikoak lehengaiaren kalitatearen alde egiten du apustu, eta betiere produktuaren trazabilitatea bermatzen duten hurbileko hornitzaileen sarearen alde. Lokalak kalitatezko kafea eta eguneko plater osasungarri eta orekatua izango ditu. Bestetik, eskaintza osatzeko, askotariko aukera beganoak, begetarianoak eta zeliakoentzako platerak eskainiko ditu, publiko profil guztietarako proposamen inklusiboa, alegia”, aurreratu dute.
Diseinua eta filosofia
Modu izena modularitatean inspiratuta dago, eta kudeaketa sistema eta erabiltzaile esperientzia malgu eta moldagarria aditzera ematen du. Oraingo obrek berrantolaketa funtzionala dute ardatz eta, beraz, hobekuntzak egingo dira zurezko barra nagusian, publiko fluxuan eta argi eta soinu anbientazioan. Erabiltzaileen erosotasuna ere handituko da altzarietan egingo diren eguneratzeekin eta tratamendu akustikoarekin, atsedenerako zein sozializaziorako giro atsegina izan dadin nagusi.
Zentroaren eskaintza gastronomikorako erreferentzia gune izateaz gain, komunitatearentzako “topalekua” ere izango da Modu. Espazioak soinu anbientazio propioa izango du, eta eraikinaren osagarri izango den programazio kulturalerako plataforma gisa ere jardungo du.

