Turismo zergaz haragoko neurriak eskatu ditu EH Bilduk
Donostian turismo politikari buruzko eztabaida berriro irekitzea eskatu du EH Bilduk, turismo zergaren inguruko eztabaidatik harago joateko beharra azpimarratuz. Koalizioaren arabera, hamar urte igaro dira zerga hori ezartzearen beharra lehen aldiz mahai gainean jarri zenetik, baina auzia behin eta berriro luzatu da.
Markel Ormazabal zinegotziak salatu duenez, “aldian-aldian berpiztu den eztabaida da, eta hizpidera atera den bakoitzean zerbait egiten ari zirenaren ideia nagusitu zaigu”. Haren esanetan, bitarte horretan turismo masiboak sortutako arazoak larriagotu egin dira.
EH Bilduren ustez, tramitatzen ari den foru arauak argitasuna eta berme juridikoak behar ditu, eta etorkizuneko zerga “tokikoa, progresiboa eta batez ere finalista” izan behar dela defendatu du. Hau da, bildutako dirua turismo jarduerak udalean sortzen dituen gastuei aurre egiteko erabiltzea eskatu du. Ormazabalek gogorarazi du alkateak aurten bertan zerga ezartzeko konpromisoa hartu zuela, baina “arduragabe jokatu zuen”, erakundeek ezarritako egutegia eta segurtasun juridikoa bazter utzita.
Koalizio abertzalearen arabera, gaur egungo testuinguruak zerga hutsetik harago doazen neurriak behar ditu. “Turismoa kudeatzea fluxuak kudeatzea da, baina gaur egungo testuinguruak, kudeaketaz hitz egitea baino gehiago, turismoa gobernatzea eskatzen du”, adierazi du Ormazabalek. Haren esanetan, Donostiako egoerak ez du soilik arintzea eskatzen, baizik eta “mugatzea”. Horretarako, hiriko turismo karga ahalmena zehaztea eta auzo bakoitzaren egoera aztertzea ezinbestekotzat jo du.
Bestalde, turista taldeei eta bisita gidatuei buruzko araudia zorroztea ere proposatu du EH Bilduk. Alkateak iragarritako isunak “hanka motz” geratzen direla iritzi diote, neurriak ez direlako arazoaren erroari heltzen. Horren ordez, “saturatuta dauden auzoetan” ordutegiak, talde kopuruak eta ibilbideak mugatzea planteatu dute. “Zenbat talde eta pertsona da kopuru bideragarria egunerokoa ez baldintzatzeko?” galdetu du Ormazabalek, gaur egun oraindik erantzunik ez duten galderak mahai gainean jarriz.

