Zubietako espetxe berria astelehenean pasatuko da Eusko Jaurlaritzaren eskuetara
Martuteneko espetxea 2027ko lehen seihilekoan eraisten hastea aurreikusten dute erakundeek, bertan 400 etxebizitza egiteko.
Zubietako espetxe berriaren artxiboko irudia.Irutxuloko Hitza Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen datorren astelehenean, maiatzaren 4an, transferitzea Eusko Jaurlaritzari Zubietako Norte III espetxe berriaren ardura. Errege dekretu bidez hartu dute erabakia, kontuan hartuz Zubietako kartzela dagoeneko eraikita eta funtzionamenduan jartzeko moduan dagoela.
Ardura eskualdatuta, hurrengo pausoa Martuteneko espetxeko presoen lekualdatzea izango litzateke. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak otsailean jakinarazi zutenez, “maiatzean edo ekainean” dira lekualdaketa egitekoak. Egun, 230 preso inguru ditu Martuteneko kartzelak, eta Zubietakoak 400 jasotzeko aukera ematen du.
Horrez gain, aurreikusita dago ekainaren 24an bertan behera uztea Eusko Jaurlaritzak Martuteneko espetxearekiko duen eskumena; Espainiako Gobernuak 2021ean transferitu zion ardura hori Lakuari.
Martuteneko kartzela husten dutenean, bertan garatzekoak diren hirigintza proiektua abiarazi ahal izango dute erakundeek, 400 etxebizitza ingurukoa. Hain zuzen ere, aurreikuspena da 2027ko lehenengo seihilekoan hastea kartzela zaharra eraisten. Martuteneko espetxea eraisteko proiektua Visesa Eusko Jaurlaritzaren mendeko enpresa publikoak idatziko du, eta eragiketa egiteaz arduratuko den estatuko Casa47 erakundeari emango diote ondoren. Esleipenaren aurrekontua 4 milioi euro ingurukoa izango da.
Memoria gune
Martxoan, Euskal Herriko 24 erakunde memorialistek bat egin zuten, Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari eskatzeko Martuteneko espetxe zaharra “memoria historikoaren leku” izenda dezatela, etxebizitzen garapenaren barruan.
Izan ere, Martuteneko kartzela 1948an inauguratu zuten, frankismo betean, eta 78 urteko historia du; giza eskubideen urraketa larriak egin dituzte bertan hamarkada luzez, hala nola torturak, batez ere, frankismoan. “Martuteneko espetxea errepresio frankistaren adierazle nabarmena izan zen, batez ere salbuespen egoerako aldietan, 1968ko salbuespen egoerako adierazle nagusiarekin”, nabarmendu zuten memorialistek.

