500 bat ikaslek 'itsu-itsuan' egin dute lasterka
Ikasleak, XXIV. Kriskitin Lasterketan.ONCE Euskadi Zurriola pasealekua elkartasunaren eta enpatiaren eszenatoki bihurtu zen atzo. Teknoinklusioa: Teknologia Inklusioarekin lelopean, ONCE Euskadik antolatutako XXIV. Kriskitin Lasterketa egin zuten. Ekimenak helburu argia izan zuen: gazteak itsuen, gor-itsuen edo ikusmen txikiko pertsonen errealitatera hurbiltzea.
Summa Aldapeta, Santo Tomas Lizeoa eta Zurriola Ikastolako, eta Hernaniko Aratz Ikastolako bostehun bat ikaslek hartu zuten parte. Kursaaleko bi kuboak inguratzen dituen ibilbidean, ikasleek antifaz bat jarri eta lagun baten gidaritzapean egin zuten korrika, kriskitin sinbolikoa zintzilik daraman lekuko bati helduta.
Agintariak, “itsu-itsuan”
Erakundeetako ordezkariek ere ez zuten aukera galdu nahi izan esperientzia bertatik bertara ezagutzeko. Jon Insausti Donostiako alkateak, adibidez, ibilbide osoa itsu-itsuan bete zuen, Usue Vallejo ONCEren Euskadiko ordezkariak gidatuta. Insaustik aitortu zuenez, hasieran “segurtasunik eza” sentitu arren, gidariarenganako konfiantzari esker helmugara irribarre batekin iristea lortu zuen.
Ekitaldian izan ziren, baita ere, Iñigo Garcia Aniztasun eta Inklusio zinegotzia, eta udaleko, aldundiko zein Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkari, denak ONCE Euskadiko zuzendariek lagunduta. Vallejok nabarmendu zuenez, ekimen horren bidez haurrek “etxera daramate ikasgaia”, desgaitasuna ikusarazteaz gain, gizartean normalizatzea lortzen baita.
Urrezko Kriskitina, Bera Berarentzat
Behin lasterketa amaituta, aurtengo Urrezko Kriskitina banatzeko unea iritsi zen. Aurretik online egindako bozketaren ondorioz, Bera Bera Kluba suertatu zen irabazle. Fernando Diaz Mintegui presidenteak jaso zuen saria, eta esperientzia “ikaragarria eta gogorra” izan zela adierazi zuen: “Gidatzen zaituenaz fio ez bazara zaila da; ikusi ezin duenaren larruan jartzen zaitu”.

