Donostiako eskubaloiaren ibilbidea ezagutzeko aukera
Bera Bera eta Egia eskubaloi taldeak nabarmentzen ditu erakusketak.Donostiako Udala Donostiako Udalak hiriko eskubaloiaren historia jasotzen duen erakusketa jarri du Alderdi Ederren. Bera Bera eskubaloi taldea du protagonista, eta maiatzaren 8tik 10era bitartean Illunben jokatuko duen Espainiako Koparekin lotu dute.
Bera Bera klubaren ibilbidea goraipatzen du erakusketak. Klubaren oinarrizko egiturak 190 pertsona biltzen ditu, hamalau taldetan banatuak, eta aurten laugarren postu txalogarri bat lortu du Emakumeen Zilarrezko Mailan. Egia eskubaloi taldearen historia ere jasotzen du erakusketak, 1968an elitean sartu zenetik erreferente dena eta gaur egun eskubaloiaren sustapenean eta errespetua, berdintasuna eta parte hartzea gisako balioen transmisioan buru-belarri diharduena.
Bestalde, erakusketak leku bat eskaintzen dio, baita ere, Saieko kirol elkarteari. Proiektu hori 2011n sortu zen La Salle ikastetxearen inguruan, eta talde lana, inklusibitatea eta joko garbia sustatzen dituen klub gisa finkatu da. Benjaminetatik hasi eta seniorretaraino doazen taldeak ditu, kategoria maskulino eta femeninoetan.
“Kopa Donostiara iristea aukera ona da gure klubek egiten duten lan handia aitortzeko eta hiria Estatuko eskubaloiaren erdigunean jartzeko. Erakusketa hau, halaber, omenaldi bat da oinarritik kirol honi dedikazioz eta pasioz eusten dioten pertsona guztientzat”, adierazi du Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak. “Emakumeen eskubaloia ahaleginaren, ikusgarritasunaren eta ahalduntzearen eredu da. Kopa gure hirian jokatzea eta gure jokalarien eta kluben ibilbidea eremu publikoan erakustea hiri berdinzaleago baterantz aurrera egiten jarraitzeko modu bat da, non emakume kirolariek dagokien lekua hartuko duten”, gaineratu du Berdintasuneko zinegotzi Ane Oiarbidek.

