Maiatzaren Lehenean lau manifestazio antolatu dituzte sindikatuek Donostian
LAB, ESK, Steilas, CGT, Antikapitalistak, Bake Ekintza Antimilitarista, CNT, UGT eta CCOO sindikatu eta kolektiboek antolatu dituzte manifestazioak Donostian. Denak 12:00etan izango dira.
2025eko Maiatzaren Leheneko manifestazio bateko irudia.Xalba Ramirez Maiatzaren Lehena da bihar, Langileen Nazioarteko Eguna, eta, ohiko legez, hainbat manifestazio antolatu dituzte Donostian sindikatuek, bakoitzak bere aldarrikapen propioekin. Aipatu behar da, bestalde, Maiatzaren Lehenean mobilizazioak antolatu ohi dituzten sindikatu eta eragileen artean, aurten bik ez dutela mobilizaziorik egingo Donostian: ELA sindikatuak (Bilbon eta Iruñean aterako da kalera) eta Mugimendu Sozialistak (Iruñean aterako da kalera).
Donostian, LAB sindikatuak Amarako Easo plazatik abiatuta egingo du bere mobilizazioa, “gerraren eta bizitzaren garestitzearen aurrean, langileen aldeko politikak aldarrikatzeko”, 12:00etan. Langileok eragin izango da leloa, eta Parte Zaharreko Trinitate plazan bukatuko dute manifestazioa, ekitaldi batekin eta Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren mitinarekin.
ESK, Steilas, CGT, Antikapitalistak eta Bake Ekintza Antimilitarista sindikatuek eta kolektiboek, bestalde, mobilizazio bateratua antolatu dute, San Telmo museotik abiatuta, 12:00etan. Langileok batu, inperialismoaren kontra, bizitzaren alde lelopean, azaldu dutenez, “mobilizazioa gizarte gehiengoaren bizi baldintzei zuzenean eragiten dieten kateatutako krisiek markatutako testuinguru global batean kokatzen da: gatazka belikoak, krisi energetikoa, larrialdi klimatikoa, bizitzaren garestitzea eta desberdintasunen areagotzea”.
CNT sindikatu anarkistak, bestalde, Bulebarretik abiatuta egingo du bere mobilizazioa, hori ere 12:00etan. Gerra bakarra, klase borroka lelopean aterako dira kalera, eta anarkosindikalismotik alternatibak eraikitzera deituko dute.
Azkenik, ohiko legez, manifestazio bateratua egingo dute UGT eta CCOO sindikatuek, 12:00etan, Alderdi Ederretik abiatuta. Lubakirik ez, eskubideak: soldatak, etxebizitza eta demokrazia izango da euren leloa.

