Nautikoan agerturiko arratoiak kontrolpean dituela dio udalak
Lokimica enpresa espezializatuko teknikari bat, Nautikoan.Donostiako Udala Donostiako Udalak jakinarazi duenez, berehala jardun dute Nautikoan, azken orduetan atzemandako karraskarien presentzia kontrolatzeko eta ezabatzeko. “Egoera horren berri izan zen lehen unetik, eta sare sozialetan argitaratu eta zabaldu aurretik, udal zerbitzuek jarduketa protokoloa aktibatu zuten, eta inguruan lanean hasi ziren”, diote udaleko iturriek. Hala ere, espazio horren titulartasuna eta mantentzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela gogorarazi dute.
Pasa den asteazkenetik, arratoiak akabatzeko tratamendu bat aplikatu dute kalteturiko eremu osoan. Era berean, hainbat zulo aurkitu dituzte erabiltzen ez diren erregistro elektriko zaharretan, karraskarien presentzia erraztu dezaketenak. Datorren astean, ingurua kontrolatzen jarraituko dute.
Gaur, osteguna, Lokimica enpresa espezializatuko teknikariek eremua ikuskatu dute, karraskariak akabatzeko tranpak ebaluatzeko eta tratamenduaren bilakaera aztertzeko. Gainera, datorren asteartean beste esku hartze bat egingo dute.
“Lasaitasun mezua helarazi nahi diegu herritarrei. Udalak gorabehera horren berri izan genuen lehen unetik jardun genuen, tratamenduak aplikatuz eta beharrezko jarraipen teknikoa aktibatuz”, adierazi du Iñigo Garcia Ingurumen eta Osasun Publikoko zinegotziak.

