Podcast Geltokia jaialdiaren estreinakoa hartuko du Tabakalerak
Maiatzaren 28tik 30era bitartean egingo dute lehen Podcast Geltokia jaialdia, Donostiako Tabakaleran. Subterfuge Radio ekoiztetxe espainiarra da antolatzailea, eta Madrilen egiten duten Estación Podcast jaialdiaren egokitzapen bat da.
Hiru egunez, egungo audioaren ildo interesgarrienetako batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du jaialdiak, formazioa, industria, entzunaldi kolektiboa eta zuzeneko podcastak uztartuz.
Lehen agunean, talentu berrien sustapena izango dute oinarri. Audiogile Berriak programaren baitan, eskola magistral bat eta tutoretza saioak eskainiko dira, Isabel Cadenas ez-fikziozko podcasten sortzaile ezagunaren parte hartzearekin. Gainera, ekoizpen berriak aurkeztuko dira, eta audioaren bertako zein iberoamerikar ekosistemako eragile nagusiak bilduko dituen inaugurazio topaketa bat egingo da.
Bigarren egunean, sorkuntzan eta industrian jarriko dute azpimarra, eta hainbat topaketa profesional izango dira askotariko gaiak jorratzeko. Honakoak, besteak beste: docu-podcastaren gorakada narrazio eta tresna sozial gisa; soinu fikzioaren garapena; eta audioa beste hizkuntza eta formatu batzuetara zabaltzeko aukerak, animazioa eta eleberri grafikoa tartean. Eguneko egitaraua osatzeko, entzuketa komentatuak eta zuzeneko grabazioak egingo dira, soinu proiektuen atzean dauden sormen prozesuetako batzuk publikoari gerturatzeko.
Hirugarren eta azken egunean, jaialdiak hausnarketa ildo berriak irekiko ditu etorkizuneko ikus-entzuleen inguruan, haur eta gazteei, eta kontsumo ohitura berriei arreta berezia eskainiz. Egitarauari amaiera emateko, soinu fikzioan nazioartean itzal handia duen ahotsetako batek adimen artifizialak audioaren sorkuntzan duen eragina landuko du. Eztabaida sektorearen orainaren eta etorkizunaren erdigunean kokatuko duen saioa izango da.
Jaialdian parte hartuko duten gonbidatuak eta egitarauaren xehetasun guztiak maiatzaren 27an iragarriko dituzte, Tabakaleran egingo duten aurkezpen ofizialean.

