'Sucia' filmak 23. Giza Eskubideen Zinemaldian Ikusleen Saria lortu du
'Sucia' filmaren pasarte bat. Barbara Mestanzak eta Marc Pujolarrek zuzendutako Sucia film luzeak lortu du Ikusleen Saria Donostiako 23. Giza Eskubideen Zinemaldian, gaur gauean Viktoria Eugenia antzokian bukatuko dena.
Natxo Leuzaren Black Water filmak jaso du Amnesty International Saria Film Luze Onenari. 2010etik, AIk izendatutako epaimahai batek ematen du sari hau. Epaimahaia Diego Soto gidoilariak, Nuria Casal ekoizleak eta Nacho Gay, Oriol Porta eta Joxe Belmonte Amnistia Internazionaleko giza eskubideen aldeko ekintzaileek osatu dute.
Christophe Deramen La Barrière eta Oliver Wrighten La Première Marche filmek Gazte Epaimahaiaren Saria Film Labur Onenari irabazi du, ex aequo, 3.000 euroko diru sariarekin —1.500 euro bakoitzarentzat—, eta Maren Zubeldiaren eta Silvina Guglielmottiren Ultramarino filmak, berriz, EITB Saria Euskal Film Labur Onenari —1.000 euroko saria—.
Sari banaketa 20:00etan izango da, Viktoria Eugenia antzokian. Ondoren, zinemaldiaren edizio honi amaiera emateko aukeratutako filma proiektatuko da, Rebuilding, Mark Waler-Silvermanek zuzendua.

